Arabako Foru Aldundiak A-625 errepideko Saratxoko saihesbidearen eraikuntza lanak aurten hasiko zituela adierazi zuen azaroan. Gauzak horrela, Amurrioko Udalak eta Saratxoko herritarrek eraikuntzaren kontrako jarrera azaldu dute askotan, eta Administrazio Batzarrak berak ere proiektu horrek herriari eragiten dizkion kalteak azaldu zituzten.
Horrela, Otsailaren 20an Amurrioko eta Saratxoko alkateek, Josune Irabien eta Lourdes Cuadra hurrenez hurren, Arabako Batzar Nagusietan egon ziren A-625 errepidearen eraikuntza eta hobetze proiektuaren euren ezadostasuna erakusteko. Irabienek Amurrioko Udalak eta Administrazio Kontseiluak jarritako helegiteak eta arazo teknikoak azaldu ondoren, talde politikoek galderak egin zizkioten.
Lourdes Cuadra Saratxoko alkatearen ustez proiektua ez da herritarren parte hartzearekin egin eta oso zaharra eta xahutzailea da. Gainera, nahiz eta Aldundiaren argudioak istripuen gutxitzea izan, Cuadraren ustez Luiaondon gertatu den moduan, “errepide berrian istripuak ere egongo dira eta errepide bat baino, autobidea izango da”.
PSE-EE-k bere aldetik proiektuaren inguruan eztabaida bat egiteko urgentziazko mozioa aurkeztu zuen Arabako Batzar Nagusietan Amurrioko alkatearen azalpenen ondoren. Sozialisten arabera Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak ez zien tokiko erakundeak jarritako helegiteei kasurik egin.
Bestalde, Alderdi Popularreko Santiago Abascalek obrak udazkenean hasiko direla eta proiektua beharrezkoa dela adierazi du.