Aiaraldeko LABek, prentsa-ohar baten bitartez, gogor salatu du Amurrioko Megatech enpresak sindikatu honetako kideen aurka burutzen dituen jazarpenak. Adierazi dutenez, azken urtean, sindikatu abertzaleko kideek 30 burofax mehatxagarri jaso izan dituzte enpresaren zuzendaritzarengandik. Are gehiago, LABeko delegatu bat 3 egunez kaleratu izan dute berriki aparteko lanorduak egiteari uko egin izanagatik.
Ohar berdinean, Langile Abertzaleen Batzordeek elkartasuna adierazi nahi izan diote aipatu delegatuari eta jakinarazi dute enpresaren aurkako salaketa bat jartzeko martxan daudela. Megatech-en helburua zein den argi dute LABen: “Zigor hauekin eredua ezarri nahi dute beldurraren bitartez”.
Era bertsuan, gogor jo dute aparteko lanorduen derrigortzearekin, besteak beste, eskualde mailan dagoen langabezia kontuan hartuz gero, horrek kontratazio berriak gauzatzea oztopatzen duelako. Gainera, enpresetako buruek aparteko lanorduak soldatak osatzeko gauzatzen direla argudiatzen dutelarik, LABen arabera horrek adierazi nahi du enpresek badutela aparteko ordu horiek ordaintzeko aski mozkinik.
Oharraren bukaeran LABek bere elkartasuna adierazi nahi izan du, baita ere, Amurrioko Kider eta Aretako Aplica enpresetako langileekin.