Aurreraka emakumeen taldeak Kulturen arteko Topaketa Gastronomikoak antolatu ditu otsailaren 19, 21 eta 22rako. Lehenengo bi egunetan arratsaldean izango da saioa, 16:30etik 18:30era, eta azken egunean, berriz, larunbata izanda, goizez: 12:00etatik 14:00etara. Udalak Etxegoienbidea kalean duen etxebizitzetako batean egingo da jarduera. Parte-hartzea dohainik da, baina ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako, 685 754 041 telefono-zenbakira deitu behar da, eta gaur da, hain zuzen, izena emateko azken eguna. Kontuan izan, gainera, hamabost lagunentzako tokia baino ez dagoela.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen programazioaren barruan kokatu du ekimen hau Aurrerakak. Helburua da beste kultura batzuetara hurbiltzea gastronomiaren bidez, eta horretarako, Txile, Maroko eta Errumaniako hiru emakume gonbidatu dituzte. Haien sorterriko plater tipikoak prestatuko dituzte, topaketan parte hartzen dutenek dasta ditzaten, eta gastronomiaren haritik, bada, haien kultura eta ohituren gainean hitz egingo dute.
Urduñan ere antzeko ekimen bat antolatu du berriki Adi emakumeen taldeak, eta han ateratako argazkiak ikus ditzakezue, hemen.