IGONE ALDAMA Aiara Dantza taldeko kidea da. Aurten, 30 urte bete dituzte. Urtemuga ospatzeko ekitaldi ezberdinak egingo dituzte.
Aiara dantza taldeak 30 urte bete ditu. Noiz eta zergatik sortu zen?
Aiara Dantza Taldea sortzeko ideia 1983ko Amurrioko jaietan suertatu zen. Ordurako Larrinbeko dantza taldea eta Dantza Lagunak-en taldeak deseginda zeudenez, horiek ordezkatuko zituen talde baten beharra ikusi zuten. Beraz, 1984ko urtarrilaren amaieran, ensaioak, material bilketa, soinekoak, partiturak... egiteari ekin zioten. Horrela Aiara Dantza Taldea sortu zen. 1994an, ordura arte dantzariak baino ez ziren talde batek hartu zuen taldearen kudeaketa. Haiek urte askotan zehar taldea bizirik mantendu zuten, kudeaketaz eta klaseak emateaz arduratzean.Hauen ostean, gure txanda heldu zen. 2011an, aurrekoek taldeko batzordea uztean, guk taldea aurrera eramatea erabaki genuen. Hasieran irakasle eta gurasoek laguntza izatea oso garrantzitsua izan guretzat. Oso gazteak garen arren, ilusio eta gogotsu arduratzen gara taldea aurrera eramateaz. Taldearekiko dugun maitasuna, bidetik aurkitu ditugun oztopo guztiak baino indartsuagoa da.
Zenbat pertsonek osatzen duzue?
150 dantzarik osatzen dugu taldea. Txikienak 5 urterekin hasten dira taldean dantzatzen, eta helduek ez dute adin mugarik dantzatzen ikasi ahal izateko. Azken urte hauetan, geroz eta pertsona gehiago sartu dira taldean, bai ume txikiak baita helduak ere. Dantzari gehienak Amurriokoak dira, baina badira Aiarakoak edota Laudiokoak ere.
Urteek aldaketa ekarri dute?
Nik, 19 urte izanda, ezin dut gaur egungo taldea duela 30 urte sortutakoarekin alderatu, baina ni taldean egon naizen 12 urte hauetan aldaketak nabaritu ditut. Lehen aipatu bezala, azken urteetan taldean sartu diren ume nahiz helduen kopurua asko hasi da, 150 dantzari osatutako taldea izatera heldu garen arte. Gainera, azken urtean taldean mutil berri asko hasi dira dantzan. Orain arte, tamalez, mutil gutxi izan ditugu plazetan dantzatzen, baina azken urtean mutil berri asko sartu dira taldera eta ilusio handiz hasi dira dantzak ikasten. Beste aldaketa nabari bat niretzat, ikasle izatetik, irakasle eta taldeko arduradun izatera pasatzea izan da. Duela 3 urtetik hona, dantzari gazte batzuk arduratzen gara taldea aurrera eramateaz eta dantzetako klaseak emateaz. Erantzukizun handia da, baina ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara.
Zein da zuen ekitaldien eragin eremua eta maiztasuna? Zenbatero eta nondik dantzatzen duzue normalean?
Amurrio eta Aiarako inguruko herrien jaietan dantzatzen dugu gehien bat. Dantzaldi hauez gain, urtero Euskal Herriko beste herri batzuetan dantzatzera ere gonbidatzen gaituzte. Pasa den urtean, adibidez, Gasteizen eta Izarran egon ginen. Ohiko dantzaldiez gain, ezkontzetan ere dantzatzen dugu. Noizbehinka atzerrira ere joaten gara dantzatzera. Duela bi urte Eslovenian dantzatzen egon ginen eta Argentina eta Kuban ere dantzatu dugu.
Aurtengoa urte berezia da. Nola ospatuko duzue?
Ilusio handiz hartu dugu dantza-taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna. Horregatik, urte honetan zehar hainbat ekintza antolatu ditugu. Hasteko, Aiara Dantza Taldeko egutegiak egin ditugu. Bertan taldeko dantzariak agertzen dira, Aiarako leku desberdinetan. Urtarrilean taldearen urtebetetzea denez,"La Casona"-n traje eta argazki erakusketa bat antolatu dugu, urtarrilaren 31ean zabalduko dena. Maiatza aldera, bazkari bat antolatuko dugu, erromeria eta guzti. Honez gain, neurrira egindako dantza traje baten zozketa egitea ere pentsatu dugu. Amurrioko jaietan ere dantzaldi berezi bat egingo dugu. Urte ondo amaitzeko, Amurrioko Antzokian ekitaldi berezi bat prestatuko dugu. Ekitaldi guzti hauetarako, gaur egun taldea osatzen dugun dantzariez gain, taldearen parte izan diren dantzari guztien parte-hartzea eskatu nahi dugu, haiek 30 urte hauen zati ere badirelako.