Amurrioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrikusten ari da Udala. Hain zuzen, amaitu berri da HAPOaren aurrerapenaren gainean iradokizunak eta proposamenak helarazteko epea, eta udal-korporazioa oso pozik dago herritarren erantzunarekin. Izan ere, prentsa-ohar bidez adierazi dutenaren arabera, 100 proposamen, iradokizun eta iruzkin inguru jaso dituzte.
Horregatik, bada, alkateak, eskerrak eman dizkie planteatutako proposamenak aberasteko ekarpenak egin dituzten herritarrei. Izan ere “parte-hartze zabal horri esker, Plan Orokorraren Aurrerapenean jasotako irizpideak, helburuak eta proposamenak hobetu ahal izan dira”.
Udalak parte-hartze hori bilatu du hasiera-hasieratik, eta horretarako udaletxeko sotoan eta Bañueta kiroldegian dokumentua azaltzen zuten bi erakusketa jarri ziren, eta Udalaren webgunean ere dokumentazio guztia eta galderak egiteko aukera jarri zen. Erakusketok, 141 lagunek, gutxienez, bisitatu dituztela esan dute udal-ordezkariek.
Halaber, 3 saio presentzial antolatu ziren, eta horietako bakoitzean Planaren ardatz diren 3 jardun-eremuak landu ziren: Lurraldea, Erdigunea eta Administrazio Batzarrak. Saio horietan 67 lagunek parte hartu zuten, eta proposamenak eztabaidatu eta zalantzak argitu ahal izan zituzten.
Bestalde, eta gazteen iritzia ere jakin nahi zutenez, hainbat tailer antolatu zituzten Amurrioko Udalak eta herriko ikastetxeek abenduaren 11tik 19ra bitartean. Tailer horietan, bada, espazio publikoak, haien ustez, zer premia dituen aztertu zen eta hiri-plangintzari lotutako zenbait proposamen bildu zituzten.