Igande honetan -otsailak 2- ospatuko da Amurrion Euskadiko kross labur eta beteranoen txapelketa. Pasa den urteko arrakastaren ondoren, Oinkariak Atletismo Taldeak gogoekin hartu du erronka berri hau.
Iaz, Arabako Kross Txapelketa antolatu zen Amurrion eta jende asko hurbildu zen lasterketa ikustera. Juan Urrutia parkean diseinatutako zirkuitua gustura hartu zuten korrikalariek, beraz, aurten ere, parkean izango dira lasterketak.
Oinkariak Atletismo Taldeak antolatzen du Kross hau, Amurrioko Udalaren laguntzarekin eta Tubos Reunidos enpresaren babesarekin.
Lasterketak 11:30ean hasiko dira, ordutegi honetan:
- 11:30 Beterano Gizonezkoak 5400m (4 bira)
- 12:00 Beterano Emakumezkoak eta Beterano Gizonezkoak M55 4100m (3 bira)
- 12:30 Labur Gizonezkoak 4100m (3 bira)
- 13:30 Labur Emakumezkoak 4100m (3 bira)
Iazko irabazleek espero dute aurten ere txapela beraien etxeetara eramatea:
- Beterano Gizonezkoak: Gotzon Solaegi
- Beterano Gizonezkoak M55: Jose Luis Garcia de la Fuente
- Beterano Emakumezkoak: Josune Terceros
- Labur Gizonezkoak: Hassan El Oubaddi
- Labur Emakumezkoak: Belit Solar
Pedro Ibarrola kirol zinegotziaren esanetan, iganderako espero dira 300 atleta inguru, Euskal Herri osotik. Kirolari hauek Amurrio ezagutzeko aukera izango dute, baita bere ingurunea ezagutzeko edo bere gastronomiaz gozatzeko ere.
Era berean, Oinkariak Atletismo Taldeak Amurrioko biztanleak parkera hurbiltzera eta atletismoko festa honetan parte hartzera gonbidatzen ditu.