Glu Glu produkzioak konpainiaren eskutik, eta Galder Perezen zuzendaritzapean, La última oportunidad antzezlana aurkeztuko du Julian Iantzik Amurrio Antzokian. Gurutze Beitia aktorearekin batera arituko da.
Iantzi telebistan egin dituen saioengatik oso ezaguna bada ere, antzerki-lan batean parte hartzen duen lehendabiziko aldia da hau. Obra iragan urriaren 25ean estreinatu zen Basauriko Sozial Antzokian, eta orduz geroztik Euskal Herriko hainbat agertokitan ikusi ahal izan dute.
Itxarongela batean elkar ezagutzen duten emakume eta gizon baten istorioa kontatzen du antzezlanak. Emakumeak intseminazio artifizialaren bidez ama izan nahi du eta gizona esperma-emailea da. Batak ez du ama izateko azken aukera galdu nahi eta besteak gaur du esperma emateko azken aukera. Ekoizleek berek diotenez “pasioz, dibertsioz, liluraz, gaizki ulertuz eta maitasunez betetako komedia harrigarria” da La última oportunidad.
Hitzordua otsailaren 1ean da, larunbata, 20:00etan. Sarrerek 9 euro balio dute, baina Amurrio Antzokiko bazkideek 7 eurotan eskuratu ahal izango dituzte.