Martxoa bitarte 6 irteera egingo ditu Elur Taldeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2014ko urt. 22a, 08:13

Amurrioko Elur Taldeak sei irteera prestatu ditu 2014an. Helburua  eskiaz eta elurraz gozatzea da. Horretarako, urte berria hasi eta Amurrioko Elur Taldeak eskia praktikatzeko egutegi mardula prestatu du. Urtarrila eta martxoa bitarte sei irteera antolatu dituzte.

Amurrioko Elur Taldeak sei irteera prestatu ditu 2014an. Helburua  eskiaz eta elurraz gozatzea da. Horretarako, urte berria hasi eta Amurrioko Elur Taldeak eskia praktikatzeko egutegi mardula prestatu du. Urtarrila eta martxoa bitarte sei irteera antolatu dituzte.


Amurrioko klubak azaroaren 15ean egin zuen 2013-2014 elur denboraldia prestatzeko asanblada. Abenduaren 5ean abiatu zuten ibilaldien dinamika. Lehenengo geltokia Cauterets izan zen. Ibilaldia egin ostean 2014ko programari ekingo diote. Oraindik irteera guztien helmuga zehaztuta ez badago ere datak finkatu dituzte. Azaldu dutenez, iazko eskema berdina jarraituko dute, irteera bat bi astean behin.


Lehenengo txangoa urtarrilaren 10etik 12ra egin zuten. Irtenaldi horretan Amurrioko eski klubak ondo ezagutzen duen Frantziako Luz-Ardiden eski estazioa bisitatu zuen. Ez, ordea, bakarrik. Izan ere, Luz-Ardideneko txangora Bilboko Bilbobentura taldearekin joan ziren, beste hainbatetan egin duten bezala.


Aurtengo irteeren arrakasta nabaria izango dela dirudi, lehen irteera honetarako zeuden plaza guztiak bete baitzituzten.
Gainontzeko bidaiei dagokienez, hurrengo irteeran Peyragudes-era (Frantzia) joateko asmoa zabaldu dute. Datorren asteburuan izango da ibilaldia: urtarrilaren 24tik 26ra.


Otsailaren 7tik 9ra, aldiz, Frantziar Piriniotara hurbilduko dira eta otsailaren 21etik 23ra iaz hainbatetan bisitatu zuten Baqueira-Beret (Katalunia) estaziora joango dira. Alabaina, denboraldia ez da hor bukatuko, martxoan beste bi irteera prestatu dituzte eta.  Azken martxak martxoaren 7tik 9ra eta 21etik 23ra egingo dituzte. Hala ere, oraindik finkatzeke dute irteera horien helmuga. Informazio gehiago eskuratu ahala www.elurtaldea.com webguneko egutegian eguneratzen joango dira.

Izen ematea
Aurten irteetara apuntatzeko modua aldatu egin dute, sistema errazten saiatu baitira.
Elur Taldearen web orrian sartu eta bertan irteeraren prezioa baieztatzea  da lehen pausua. Adierazi dutenez, kontuan hartu behar da klubeko kide ez izateagatik edo federatuta ez egoteagatik 5 eta 6 euroko gehigarriak ordaindu behar direla hurrenez hurren.
Ondoren, ohiko kontu zenbakietan dirua sartu behar da (eskiatzaile bakoitzak diru sarrera bana), inskripzio orria bete eta bukatzeko inskripzio orria eta diru sarreraren egiaztagiria posta elektronikoz bidali.
Beharrezkoa den informazio guztia web orrian dago eskegita: kontu zenbakia, inskripzio orria... Elur Taldeak euren berri eta nondik norakoen informazioa posta elektronikoz eskuratzeko aukera dago web orrian harpidetuz.

Eski denboraldi ona
Aurtengoa eski denboraldia ona izango dela dirudi. Abenduaren 1ean hasi eta martxoaren erdialdean amaituko den denboraldi honetan eski estazioek aurreko urteetako markak haustea dute helburu. Amurrioko Elur Taldeak bisitatuko duen Baqueira-Bereteko estazioak 78.000 bisita jaso zituen aurreko denboraldian. Frantziako estazioetan, amurrioarrek bisitatu berri duten Luz-Ardiden esaterako, arrakasta handia ari dira lortzen azken aldian euren elur kalitatea eta prezio eskaintzak direla medio. Datorren asteburuan Peyragudesera (Frantzia) gerturatuko dira. Eskiatzeko 60 kilometro baino gehiago ditu, pistarik altuenak 3000 metrotara kokatzen direlarik. Apirilean eskiatzeko garaia bukatu arte, beraz, egongo da eskualdetik abiatuz gozatzeko pararadarik .

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide