Apymcak eta udal-taldeetako ordezkari politikoek osatutako batzordeak erabaki du LAGUNTZA gizarte-elkarteari ematea aurtengo Urrezko Guk saria.
Amurrioko herritarren alde lan egiten duten edo Amurrioren irudi ona zabaltzen duten pertsona zein elkarteen lana saritzea du helburu garaikurrak. Saria emateko ekitaldi ofiziala abenduaren 11an egingo da, Amurrio Antzokian, arratsaldeko 8etan.
Ezker Abertzaleak eta EAJk egindako proposamenari jarraituz, batzordeak aho batez ebatzi du LAGUNTZAren lana saritzea. Ezker Abertzaleko udal-ordezkariek lau arrazoi nagusi hauek eman dituzte euren hautagaiaren alde egiteko:
- Elkarteak badu ibilbidea; jendaurrekoa eta nabarmena da.
- Gizartean guztiz errotuta dago.
- Altruista da.
- Solidaritatea, elkarlana, talde-lana, gizarteratzea…horien moduko balioak bultzatzen ditu, eta emakumeek rol garrantzitsua jokatzen dute elkartearen egituraren baitan (antolakuntza- eta administrazio-lanetan dihardute).
LAGUNTZA orain sei urte inguru sortu zen, Gotzon apaizaren ekimenez, etorkinei laguntzeko asmoz. Hasieran, logistika biltegia, gela txiki bat eta katekesiko korridoretxo bat zuten. Biltegiak, txikia izanik, ez zituen gutxieneko baldintzak betetzen eta 2005ean, San Joseko erretorearen laguntzaz, San Jose auzoko elizako etxabea erabiltzen hasi ziren.
Bi urte geroago, 2006an, izena eta elkarte-izaera hartu zituen. Gaur egun Udalak Telefonikako eraikinaren ondoan utzi dion lonja batean dihardu, eta eskaintzen duen laguntza zabaltzen ari da, gero eta lagun gehiagorengana iristen baita. Etorkinez gain, Amurrioko zein Aiarako herritarrek ere jasotzen dute laguntza.
LAGUNTZAn 12 bat boluntariok dihardute lanean, bi arlotan, batez ere. Batetik, Gasteiztik aldiro jasotzen duten elikagai bankua eta Europako Ekonomia Erkidegoak bidaltzen dituen elikagaien soberakinak kudeatzen dituzte. Bestetik, herritarrek dohaintzan emandako arropa garbitu, lixatu eta, behar izanez gero, konpondu egiten dute, gero, behar dutenen artean banatzeko.
Iristen zaiena modu zuzenean banatu behar dute eta irizpide batzuk hartzen dituzte kontuan, hala nola: norberaren beharra, erroldatuak dauden ala ez kontuan hartzea, NANaren fotokopia, langabeziako kartila, oinarrizko errenta jasotzen duten ala ez, larrialdiko laguntza…Beraz, bada antolaketa arduratsu bat, jasotzaileak ez baitira zenbakiak, pertsonak baizik.