Azken urteetan bezalaxe, aiaraldeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ikusteko parada izango dute. Hitzordua Bañueta Kiroldegian izango da, abenduaren 20an, 18:00etan.
Pailazoek “Bizipoza” deritzon ikuskizuna eskainiko dute eta sarreren salmenta Amurrioko kultura etxean egingo da abenduaren 9tik aurrera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara 3 euroren truke.
Lehenengo 3 egunetan, abenduaren 11ra arte, amurrioarrek soilik erosi ahal izango dituzte eta erosle bakoitzak gehienez 5 sarrera hartu ahal izango ditu. Abenduaren 12tik aurrera, edonork nahi beste sarrera eskuratu ahal izango ditu harik eta sarrerak agortu arte.
Aurreko urteetan sarrerak oso arin agortu izan dira. Hortaz, komenigarria da emanaldia ikusteko sarrerak ahalik eta arinen eskuratzea.