Iragan legegintzaldian kamioentzako aparkalekua jarri zuen Udalak Aldaiturriagan. Dena den, ekimen horrek ez du harrera onik izan garraioaren arloan diharduten profesionalen artean. Egoera hori ikusita, Udala kamioilariekin bilduko da, arazoa bideratzeko asmoz.
Gaur egun, ireki zenetik urtebete igaro eta gero, kamioientzako aparkalekua ia hutsik dago. Ez erabiltzeko arrazoi nagusia prezioa omen da. 16 metrotik gorako plazengatik 60 euro ordaindu behar dira hilean, eta luzera hori gainditzen ez dutenengatik, berriz, 50 euro. Hala, bada, garraiolariek Aldaiturriagako aparkalekua erabili beharrean, nahiago dute euren ibilgailuak poligono industrialetan edo herriko kaleetan utzi.
Jarduneko alkate Javier Bitorikarik adierazi duenez, “egoera horrek segurtasun arazoa dakar, herritarrek beldurra dutelako kamioien ondotik igarotzerakoan". Horiek horrela, beraz, azaroko bigarren astean garraiolariekin bilduko direla gaineratu du Bitorikak, "Udalak Aldaiturriagako poligonoan kamioentzat ireki zuen aparkalekuaren erabilera bultzatzeko". Bilera horretan, hain zuzen, prezioari, segurtasunari eta aipatutako instalazioa erabiltzeko araudiari buruz hitz egingo dute.
Aldaiturriagako aparkalekuak 6.500 m2 ditu, eta 75 ibilgailu astunentzako tokia du. Dena den, karabanak eta laketontziak ere aparkatu daitezke, eta herrigunetik hara autoz doazen kamioilariek ere han bertan utz dezakete ibilgailua.