Amurrio Sare proiektuaren asmoa da herriko enpresek baliabide erabilgarrien kudeaketa eraginkorraren bidez lehiakortasuna areagotzea, hala nola enpresa parte-hartzaileen irudia hobetzea eta herriko enpresen eta herri-administrazioaren arteko elkarlana bideratzea.
Taldeko lana izan da aplikatutako metodologia eta horri esker enpresak proiektuetan aktiboki inplikatzea lortu da, eta, aldi berean, enpresek sinergiak hauteman ahal izatea, baita ekintza bateratuak gauzatzeko lankidetza-harremanak sortzea ere. Halaber, enpresen eta udalaren artean komunikazio-bide berriak eta berritzaileak ezartzea ahalbidetu du.
Proiektuaren helburu nagusien artean daude herriko enpresa-jarduera ekoeraginkortasuneko ekintzak gauzatzearen bidez dinamizatzea, herriko enpresen ingurumen-konpromisoa sustatzea, ingurumen arloko lege-betekizunak ezagutzea eta betetzea areagotzea eta enpresek erabilitako bitartekoen kudeaketa eraginkorra sendotzea.
Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren Ekoeraginkortasun Programako lankidetza-proiektuen deialdiaren baitakoa da aipatutako proiektua eta 2011n abiarazi zen, herriko enpresek ingurumen arloan zituzten eskakizunak eta beharrak jasota eta ingurumen arloko legediari, lizentziei, diru-laguntzei eta informazio-iturriei buruzko jakingarriak eskaintzen zituen gidaliburu bat argitaratuta.
Proiektu horri esker lortu da, besteak beste, urtean 500 kg hondakin arriskutsu modu egokian kudeatzea, garraioari loturiko berotegi efektuko gas-isurpenak % 76 murriztea eta kudeaketa-kostuak merkatzea.
Enpresa parte-hartzaile bakoitzak bere hondakinei, erabilitako gai kimikoei, produktu kimikoak biltegiratzeari eta ADR garraioari buruzko informazioa dakarren oinarrizko inbentarioa du, hala nola ingurumen arloan esku hartzeko esparru lehenetsien txostena.
Halaber, enpresa aurreratuenek bere esperientziak partekatu dituzte eskarmentu gutxienekoekin, ingurumen arloko arazoen konponbideak elkartrukatuta.