Urrian estreinatuko du Luis Vilek “Paranoicos” film laburra

Txabi Alvarado Bañares 2011ko ira. 22a, 09:51

Luis Vil zinemagile eta musikari amurriarra bere hirugarren film laburrari azken ukituak ematen dabil

Paranoicos du izena Luis Vilen laugarren film laburrak. 12 minutu inguruko lan horretan zoramen eta paranoiarekin hertsiki loturiko istorio bat kontatu nahi izan du Luisek, “humore ukitu” batekin betiere.

Luis Vil zinemagile eta musikari amurriarra bere hirugarren film laburrari azken ukituak ematen dabil

Paranoicos du izena Luis Vilen laugarren film laburrak. 12 minutu inguruko lan horretan zoramen eta paranoiarekin hertsiki loturiko istorio bat kontatu nahi izan du Luisek, “humore ukitu” batekin betiere.

Pelikulak errepide abandonatu baten erdian gasolinarik gabe geratzen den familia baten nondik norakoak jasotzen ditu. Familia paisai huts horren erdian dagoen karabana batera hurreratuko da laguntza eske. Lehenago, motor gidari bat karabanan sartu da bertan dagoen trafikatzaile bati heroina eskatzeko. Trafikatzaileari,  familiaren autoa ikusita, polizia dela otuko zaio, eta etorri berri den motor gidaria salatari bat dela. Horrek guztiak hainbat egoera zoro sorraraziko ditu, baina Luisek ez du argumentuaren detaile gehiagorik zabaldu nahi izan.

Istorio paranoiko horri forma emateko hiru asteburuz egon ziren Quincoces de Yuson (Burgos) grabatzen. “Bertan Aiaraldean ez dauden desertu itxurako parajeak daude, guk lortu nahi genuen road movie estetikarako bikainak direnak”, adierazi du zuzendariak. Eguraldia ere lagun izan dute filmazio osoan zehar. “Egun guztiak eguzkitsuak izan dira, zorte handia izan dugu”.

Bere aurreko lanekin alderatuta, honakoa askoz istorio “ganberro” eta “zinematografikoagoa” dela adierazi du amurriarrak. El secretista istorio “kostunbrista” bat zen eta Flores de papel “gai sozialak” jorratzen zituen.  “Bi pelikula horiek egin ostean, askoz gauza ganberro eta gozagarriago  bat egin nahi nuen”, adierazi du Luisek.

Hala, hiru kamera batera erabili dituzte irudien grabaketan, akzioa  arinagoa egiteko. Irudiaren kalitatea ere hobetu egin dute, definizio altuko kamerak erabili dituztelako.

Soinu aldetik baita hainbat aurrerapauso eman ditu zinemagileak. Izan ere, giro soinuaren bolumen altua dela eta, elkarrizketak bikoiztu egin dituzte. Horrela, aktoreen hitzak “ulergarriagoak” direla eta giro soinu indartsu bat lortu dutela adierazi du Luisek. Dena den, elkarrizketak entzun gabe ere istorioa uler daitekeela azaldu du amurriarrak, pelikularen funtsa  irudietan dagoelako.

Soinu banda ere, musikaria izanik, bere gain hartu du zuzendariak. Hala ere, pelikula batentzako musika konposatzea “oso zaila” suertatzen zaiola aitortu du, bera rockaren mundutik datorrelako eta soinu banda bat egitean beste musika estilotara zabaldu behar izan delako. Baina mota honetako konposaketen ohiko klixeetatik alde egin duela azaldu du, filmeko tentsioa gitarren distortsioekin eta tinbalekin adierazten.

Estreinaldia

Filmari azken ukituak ematen dabil Luis. Bere uztez laster egongo da prest eta urriaren bukaerarako estreinatuko dute. Asmoa Amurrioko Antzokian eta  Laudioko Udal Lanbide Heziketa Eskolan estreinatzea da. Baina beste herri batzuetan ere egongo da filma ikusteko aukera, Ugaon eta Santurtzin adibidez.   

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide