Hauspoa elkarteak lokal berria du Amurrion. Aiala etorbidearen 20. zenbakian kokatua dago, Muga taberna zegoen lekuan.
Aurreko ostegunean estreinatu zuten egoitza, Punano eta Hastio hip-hop taldeen kontzertuekin. Antolatzaileak pozik azaldu dira inagurazioak izan duen harrerarekin. “Herriko jende gehiago etorri da, aurreko lokalaren inagurazioarekin konparatuta”, azaldu du Jabi Isasi Hauspoako kideak. Hemendik aurrera hainbat hitzaldi eta tailer eskaintzeko asmoa dute, baina momentuz bakarra dago zehaztuta: meditazio tailerra, asteartero egingo dena, arratsaldeko zortzietan. Afari herrikoiak antolatzeko asmotan dabiltzala gaineratu du Isasik.
Hortaz gain, Hauspoa elkarteko lokalak liburutegi sozial bat eta umeentzako txoko bat dauzka. Liburutegian antidesarrolismoari, feminismoari, zein gai politiko eta sozialei buruzko liburuak topatu daitezke, eta maileguan hartzeko aukera dago.