Amurrio Bidean tokiko garapen-agentziak negozio berriak sortzeko 70 eskabide jaso zituen iaz. Aurkeztutako proposamen horietatik, bederatzi enpresa-ekimeni eman zien laguntza.
2009ko datuekin alderatuta, enpresa-jarduera apur bat berpiztu dela esan daiteke. Urte hartan lau enpresa berri ezarri ziren, eta iaz, esan bezala, bederatzi. Halaber, garapen-agentziak 17 negozio-planen prestaketan parte hartu zuen.
Ekintzaile berri gehienak Amurriokoak dira, 25 eta 35 urte artekoak, eta Lanbide Heziketa ikasi dute. Proposatutako negozio-ideiak zerbitzuen sektoreari, turismoari, ostalaritzari eta merkataritzari lotuta daude. Batez beste, 6.000 eta 10.000 euro bitarteko inbertsioa egin behar izan dute euren negozioak abian jartzeko. Bestalde, eta datuekin jarraituz, enpresa-ekimen berri horien artean, zazpi partikularrek sortutakoak dira, eta beste biak sozietate zibil gisa eratu dira. Nabarmentzekoa da, gainera, emakumeek bultzatu dituztela ekimen berri gehienak.
Amurrio Bidean 2006an sortu zen, eta dagoeneko 123 enpresaren sorreran parte hartu du.