Goizeko 9:00etan kanpai errepikak eta suziriek festa iragarriko dute Armuruko San Anton baselizaren inguruetan Amurrion. 10:00etarako baserritar eta artisau produktu azoka irekita egongo da. Azoka zabala eta askotarikoa izango da; ehun postu inguru jarriko dira aurten. Txosna ere zabalduko da salda eta txakolina dastatzeko. Urtero bezala, San Antonen Lagunak elkarteak antolatu du jaia, Amurrioko Udalaren babesarekin. Antolatzaileek baserritarrez jantzita joateko deia luzatu diete hurbilduko diren guztiei eta batez ere txikienei, giroa politagoa izan dadin.
Enkantea
11:30ean meza ospatuko da San Anton Baselizan, azokari izena ematen dion santuaren omenez. Jarraian, 12:30ean, txerriki eta baserriko produktu sorten enkantea hasiko da baselizaren aurrean dagoen plazan.
Elkarteko kide diren Lander Meazak eta Imanol Arberasek gidatuko dute enkantea agertokitik. Produktu sorta dotore-dotoreak banatuko dira, txerritik eratorriko jakiak, txakolina, likore eta bestelakoez osatutakoak. Aurten baserritar produktuez soilik osatuta egongo dira, kirol arropa edo bestelako osagarriak barne hartu gabe, produktu gutxiago izango dituzte horrela eta sortak eskuratzeko tiketak merkeagoak izango dira. Aurreko urteetan egin duen moduan, enkantean lortutako dirua ongintzara bideratuko du San Antonen Lagunak elkarteak.
Enkantea egiten den bitartean, hamabost txerriki eta arkume inguru erreko dira, aldez aurretik erreserbatu dituztenentzat.
Baranbion ere, festa
Baranbion eta Okondon ere San Anton eguna ospatzeko ohitura dute. Ekitaldi gehienak larunbatean izango dira. Adierazi dutenez, aurten ere igel txapelketa egingo dute. Ekintza guztiak San Antongo baselizan egingo dira.
20:30ean herri afaria egingo dute. Txartelek 12 euro balio dute eta Hordago eta Okeluri jatetxeetan daude eskura. Afalostean, pospoloaren enkanteari ekingo diote, eta amaitzeko erromeria izango dute.