Enpresari bat atxilotu zuten atzo Amurrion langileei iruzur egitea egotzita. Garraio enpresa bateko langileek aurkeztutako salaketen ondorioz egin du ikerketa Ertzaintzak. Izan ere, enpresariak lan kontratuetan iruzur egiten zien beharginei, baita kooperatibako bazkide izateko tramitazioetan ere. Kasua, Amurrioko epaitegiaren bidez bideratu da. Atxilotuak 34 urte ditu eta polizia etxean diligentziak egin ondoren epaiketaren zain geratu da.
Ertzaintzaren arabera, enpresariak ez zituen langileen soldatak ordaintzen eta ez zituen bazkide gisa erregistratzen. Hortaz, ez zuten kooperatibista izatearren zegokien diru-saririk jasotzen. Gaineratu dutenez, kasu batzuetan garraio eta gizarte segurantzako gastuak langileen esku geratzen ziren. Antza denez internet bidez eskaintzen zien garraiolari lana ustezko iruzurgileak. Proba aldia eta soldata adostu ostean, baina, beharginek egindako lanak ez zuen ordainik jasotzen. Are gehiago, kasu batzuetan ibilgailuetako erregaia eta bestelako gastuak ordaintzeko enpresariak utzitako kreditu txartelak ez zuela diru fondorik baieztatu du poliziak. Kooperatibista izatea onartzen zuten pertsonen kasuan, 10.000 eurotako ekarpena egin arren ez zutela hitzartutako diru partida jasotzen salatu dute. Arduradunak bazkide gisa ez zituenez aitortzen langile horiek ez dute inbertitutako dirua berreskuratu.
Ikerketaren emaitza
Ikerketan Amurrioko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzako delitu ekonomikoen sailak hartu dute parte. Azaldu dutenez, abenduan ekin zioten ikertzeari. Poliziari 30 langile ohiek baieztatu dizkiote enpresariaren irregulartasunak. Biktima gehienak Euskal Herrikoak dira eta 1.200-10.000 euro bitarteko diru galerak izan dituzte. Guztira, iruzurra 74.000 euro ingurukoa izan dela esan dute.
Astelehenean atxilotu zuten ustezko iruzurgilea. Langileen eskubideen kontra egitea eta iruzurra leporatzen diote. Enpresan egindako miaketatik ordenagailuak, disko gogorrak, pistola bat, beisbol bate bat eta hainbat dokumentazio eraman zituen Ertzaintzak.