Amurrioko jaietako bost koadrilek antolatzen dute ekimena, eta oraingoa 6. edizioa izango da. Puntazo Eguna, berez, iragan abenduaren 27an zen ospatzekoa, baina Matias Landaburuko frontoi itxiak gutxieneko segurtasun-neurriak betetzen ez zituela iritzita, ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten. Dena den, konponketak eta arazoak amaitu direla adierazi du antolaketa-batzordeak, eta hitzordu berria jarri dutela: urtarrilaren 25erako, hain zuzen.
Jaia eguerdiko 13:00etan hasiko da. Orduantxe jaurtiko da txupina, eta gero poteoa egongo da. Bazkaria 14:30ean izango da. Horren harira zera jakinarazi digute: txartelek 10 euro balio dutela, eta Txokogorrin eta El Rinconcito tabernan erosi ahal izango direla. Dena den, kontuan hartu hurrengo astean zehar eskuratu beharko direla, astelehena eta osteguna bitartean.
Bazkalostean, 16:00etan, ginkana egongo da, eta gero, 18:00ak aldera, Puntazo momentua delakoa, hainbat sorpresarekin, gainera.
Arratsaldean, 19:00etan, batukadak joko du, eta gauean doako kontzertuak izango dira. Fetitxe, Versen eta Akerbeltz taldeek joko dute Matias Landaburuko agertokian, 21:30ean hasi eta biharamuneko ordu txikietaraino.
Antolatzaileek, bestalde, zera gogorarazi nahi izan digute: 6 urte daramatzatela herri-ekimena sustatuz, sei urtez jai herrikoia bultzatuz: herritik eta herriarentzat.