Azken urteotan bezalaxe, BECtekada bertso-jaialdia izango da Amurrio Antzokian urtarrilaren lehenengo astearen bueltan. Ekimen honen helburua da Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan parte hartzen duten bertsolariak gurera ekartzea. Jaialdiaren VIII. edizioa izango da aurtengoa, eta pasa den finalean lehiatu ziren bertsolariak ikusi ahal izango ditugu oholtza gainean: Amets Arzallus txapelduna, Maialen Lujanbio txapeldunordea, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile, berriz, Naroa Sasieta arituko da.
Bertsozaleek, esan bezala, larunbatean, urtarrilak 4, dute hitzordua, 20:00etan. Sarrerek 8 euro balio dute, baina Kultur Etxetik jakinarazi digute agortuta daudela. Bertso-jaialdi honek ikusmin handia piztu ohi du, baina aurten marka guztiak hautsi ditu. BECtekada, beraz, bermatuta dago.