MIKEL SALAZAR (Amurrio, 1988) Vienatik Fisterreraino joan da motxila bakarrekin aldean. Mendian baino Bilboko Gran Vian bakarrik sentitzea errazagoa dela dio. Bizitako gauzarik gogorrena bero kolpea dela dio.
Nola erabaki zenuen abentura horri ekitea?
Aurreko urteetan egindako bidaien ondoren, iraupen luzeagoko bat egin nahi nuen.
Zergatik Vienan hasi eta Fisterraraino?
Abenturari ekin baino lehen, Vienan nengoen lanean. Europako mapa fisiko baten aurrean, mendikateak lotuz etxera bueltatzea posible zela ikusi nuen. Behin etxera helduta, zergatik ez jarraitu Kantauriar Mendikatea gurutzatzen? Eta behin Galizian egonda, itsasora arte?
Bidaia minimalista, autonomoa eta originala izan dela diozu zure blogean. Zergatik minimalista?
Minimoa eramaten dudalako motxilan. Estilo honetan bidaiatzeko erabakia aspaldi hartua daukat. Posible da bizitzea 5kg materialarekin; neguan salbu, noski.
Bakar-bakarrik ibili zara ala?
Horrekin ez dut soilik esan nahi bakarrik ibili naizela. Gizarteak eskaintzen dituen zerbitzuak ia ez ditudala erabiltzen esan nahi dut —supermerkatuak salbu—, eta ez daukadala laguntza talde bat bidaia osoan nire atzetik.Ez al zara uneren batean oso bakarrik sentitu?Mendian ez naiz bakarrik sentitzen. Bilboko Gran Vian, aldiz, uste dut errazagoa dela bakarrik sentitzea.
Western Europe Mountain Route izena jarri diozu abentura honi. Zein da mendilerro ederrena?
Ederrena, duda barik, Pirinioak, bere lore, laku, bailara eta mendiekin. Ikaragarriena, Alpeak, gailur eta glaziar handiengatik. Massif Central ere harrigarria izan zen, espero ez nituen arroilak ikusi nituelako, eta Kantauriar Mendilerroak ere xarma berezia du.
Mediterraneotik ere igaro zara. Zer nahiago duzu, mendia ala itsasoa?
Duda barik, mendia. Hala ere, asko gozatu nuen itsasaldeko tartean.
Hiriren bat zeharkatu al duzu? Nola hartu zaituzte hirietan?
Hiri handienak nahiko arin gurutzatu ditut. Bizikletaz hiri batean sartzea ez da hain zaila, baina irtetean, seinale guztiek autobiara eramaten zaituzte.
Lakuak, ibaiak, mendi-tontorrak...
Zein izan da tokirik ederrena?
Ikuspegirik ikaragarriena Suitzan aurkitu nuen: Gornergletscher eta Monte Rosa. Ez nau toki batek ere ez desengainatu.Massif Centralean gehiago espero nuen mendi aldetik, baina soberan konpentsatu zen arroila eta goi-lautadekin. Alpeak turismo aldetik oso ustiatuak daudela banekien aurretik.
Une gogorrik ere egongo zen, ezta?Asko, baina bat guztien gainetik: bero kolpea.
Eta etorkizunera begira? Ba al duzu beste proiekturik buruan?
Mendi ekipamendua garatzea izango da. Urte batzuk daramatzat nire gauzak diseinatu eta fabrikatzen, eta orain energia gehiago ipiniko dut horretan.