Lonjak erregulatzeko araudia prestatzen ari da udala

Txabi Alvarado Bañares 2013ko aza. 16a, 00:14

Ordenantza zirriborro bat prestatu du udalak Amurrioko gazteek erabiltzen dituzten lokalei begira, “zeinetan gehienbat gazteek ondo pasatzeko duten eskubidea eta auzokideek atseden hartzeko dutena elkartrukatuko diren”. Horrela azaldu dio Josune Irabien Amurrioko alkateak Aiaraldea Egunkariari. Puntuen sistema bat izango da ordenantzaren funtsa, “gaur egun gidabaimenarekin gertatzen den bezala”, Irabienen hitzetan. 

Ordenantza zirriborro bat prestatu du udalak Amurrioko gazteek erabiltzen dituzten lokalei begira, “zeinetan gehienbat gazteek ondo pasatzeko duten eskubidea eta auzokideek atseden hartzeko dutena elkartrukatuko diren”. Horrela azaldu dio Josune Irabien Amurrioko alkateak Aiaraldea Egunkariari. Puntuen sistema bat izango da ordenantzaren funtsa, “gaur egun gidabaimenarekin gertatzen den bezala”, Irabienen hitzetan. 


Lonja batean egon nahi duen gazte talde orok aurretik udalaren erregistro batean eman beharko du izena, eta bost puntu emango zaizkio horrela. Ordutegia ez errespetatzea, asegurua ez izatea, garbiketa baldintzak ez betetzea… horrelako hutsegiteek puntuen galera ekar dezakete. Alkateak aurreratu du hiru hutsegite mota egongo direla: arinak, larriak eta oso larriak. Azken bietan, puntuen galeraz gain, isun ekonomikoa ere egon daitekeela gaineratu du Irabienek. 


Puntu guztiak galtzeak lokalaren itxiera ekar dezake, eta egoera horretara iristen diren gazteek urte bat itxaron beharko dute beste espazio bat alokatu ahal izateko, alkatearen arabera. Irabienek adierazi du gaur egun gazteek “era masiboan” erabiltzen dituztela halako espazioak. “Amurrio bezalako herrietan gaur egun gazteek aisialdi formula honetara jotzen dute”. Horregatik, “gutxieneko baldintza batzuk” bete behar direla aldarrikatu du politikariak. 


Ordenantza hau ez da hutsetik datorren zerbait, Irabienek azaldu duenez; atzetik “oso lan zehatz eta handia” baitago. 2009an arautegi bat onartu zela gogorarazi du alkateak, eta duela urte eta erdi lonja “guztietatik edo ia guztietatik” pasatu zirela, “nolakoak ziren ikusi eta prozesuaren berri emateko” xedearekin. “Bilerak egin ziren. Batetik jabeekin, bestetik auzokideekin eta, baita ere, noski, gazteekin”. Horretaz gain, lortutako informazioa partekatzeko berriz ere pasa ziren lokaletatik, Irabienen arabera. 


Zirriborroa, lantze prozesuan

Hala ere, alkateak azpimarratu du ordenantza ez dela behin betikoa, “lantze prozesuan” dagoela. 
Gazteria arlotik pasatu dela gaineratu du, eta, “neurri handi batean”, adostasuna nagusi zela bertan. Bere ustez, ordenantza zirriborroa “guztion ekarpenekin egindako dokumentu bat” da, “eta momentuz badirudi aurrera aterako dela”. Datorren osoko bilkuran eztabaidatua eta onartua izateko aurkeztu nahi dutela aurreratu du alkateak; eta 2-3 hilabeteren bueltan martxan egotea aurreikusi dute. 
“Pentsa daiteke agian ez dela guztien gustukoa izango, gauza guztiak bezalaxe”, aitortu du Irabienek. “Zentzu horretan oso zaila da %100ean asmatzea”. 


“Oso formula praktikoa” bilatu dutela gaineratu du politikariak, eta zirriborroak jasotzen duena jabe, auzokide zein gazteentzako ona dela ziurtatu du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide