Espainiako Kopako proba larunbat goizean egingo da, Judo Club Amurriok antolatuta. 250 judoka inguruk hartuko du parte.
Bihar goizean Amurrioko Bañueta kiroldegia estatu osoko judoken topaleku bihurtuko da. Izan ere, goizeko 10:00etatik aurrera Amurrioko Nazioarteko XX. Judo Txapelketa jokatuko da, Espainiako Koparako baliagarria izango dena. Txapelketa Judo Club Amurriok antolatzen du, Udalaren eta Arabako, EAEko judo-federazioen eta Kiroleko Goi Kontseiluaren lankidetzarekin.
Harrera, akreditazioa eta pisaketa gaur bertan egin ahal izango dira, bai eta bihar goizean ere, lehia hasi aurretik. Antolatzaileek espero dute guztira 250 judoka inguru biltzea, estatuko beste autonomia-erkidego batzuetatik etorritakoak gehienak, eta beste batzuk Portugal eta Frantziako klubetatik, haieie ere gonbidapena egin baitzaie.
Arratsaldez, lehia ofiziala amaituta, haur eta kadete kategorietako eskola-kiroleko saio bat egingo da, neska zein mutilentzat. 18:00etatik aurrera izango da.