Iritsi dira Lezamako jaiak. Ekitaldi gehienak asteburuan izango badira ere, astelehenean eman zitzaien hasiera festei. Urtero bezala San Martinen omenez meza egin zuten, eta ondoren, 65 urte gorakoen herri bazkaria. Arratsaldean, aldiz, herriko briska txapelketa parekidea egin zuten. Baita txokolatada ere.
Ekitaldi gehienak, ordea, ostiralean eta larunbatean izango dira. Azaroaren 16an, diskodantzarekin gau osoa igarotzeko aukera egongo da. Larunbatean, berriz, haurrentzako jokoak eta “herri arteko herri kirolak” izango dituzte. Ekitaldi hau antolatzen duten zortzigarren aldia da. “Normalean hiru edo lau herrik parte hartzen dute, taldeko 12-14k”, dio Iaioa Otaola lezamarrak. Lasto altxaketa, sokatira... egiten dituzte, besteak beste. Ondoren herri afaria egingo dute. Jaiei amaiera emateko, Egan taldeak joko du.
Autobus zerbitzua eta karpa
Ostiralean eta larunbatean bertaratzeko erraztasunak eskaintzeko autobus zerbitzua egongo da Amurriotik. 23:30ean aterako da eta 05:00etan jaitsi. “Telefonicatik ateratzen da. Autobusa betetzen bada, behin baino gehiagotan egiten da joan-etorria”. Eszenatokia, karpa, txosna eta egitaraua prest dituzte. Jaietaz gozatzea baino ez da falta.