Amurrioko Udalak bi obra ezberdin egingo dituela adierazi du. Alde batetik, helduek gimnasia egin dezaten 10 gailu jarriko ditu. Horietako 3 Intxaurdui kalean kokatuko ditu eta gainontzeko 7ak Reforrera doan pasealekuan.
Tokiko eraikuntza enpresa batek egingo ditu lanak 10.226,01 euroren truke. Horri gehitu behar zaio gailuen balioa; 10.614,87 euro hain zuzen ere. Urtea bukatu baino lehen bukatuko dira lanak, 2013ko aurrekontuetan jaso baitzen proiektua.
Lan gehiago
Larrinaga kalean egin den urbanizazio berriaren inguruan dagoen espaloia egoera txarrean dagoenez, Udalak konponduko duela iragarri du. Abenduan burutuko dira lan horiek eta 16.000 euro balioko dute. Tokiko erakundeak akordio batera heldu da obra egingo den leku alboan dagoen etxearen auzokideekin eta horiek ere atarian konponketak egingo dituzte irisgarritasun arazoak zuzentzeko.