Gaur arratsaldean, zazpiak aldera, Mateo Balbuenari omenaldia egingo zaio Amurrioko kultur etxean. Mateo Balbuena Villamartín de Don Sanchon, Leongo herri txiki batean, jaio zen duela ehun urte, 1913an hain zuzen.
Garai hartan, beste askok bezala, Euskal Herrira etorri beharra izan zuen lana aurkitzeko eta, hala, 23 urte eskas zituela Barakaldon harrapatu zuen 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak. Komunista zen garai hartan Mateo, egun bezala, PCEko gaztedietan zegoen sartua, 1936an, PSOEko gaztediekin batu zena.
Gerra hasia zela Gaztediak arduradun izendatu zuen Barakaldon. Altxamendua eman zen egunetan Barakaldoko Goardia Zibilaren koarteletan aritu izan zen, estatu-kolpearekiko euren erantzuna zein izango zenaren zain.
Honen ostean Donostiara joan zen, bertan matxinatuak Maria Cristina hotelean baitzeuden gotortuak, Nafarroatik erreketeak zetozen artean. Berak parte hartu zuen kolomak eta beste hainbat borrokalari ezkertiarrei esker Donostia matxinatuei kentzea lortu zuten, hilabete eskas batzuetarako izan bazen ere.
Geroago, Amurrion ere izan zen. Han erreformatorioa -gaurko Refor- okupatu zuten, elizan gotortuak zeuden goardia zibil altxatuak geldiaraztea lortu zutelarik ere. Amurrion eta Ganekogortan zegoen Burdinezko Hesian aritu zen borrokan baita ere.
Iparraldeko frontea 1937an erori bazen ere Mateok ez zion borrokari utzi. Teruelen egon zen, bertoko berkonkistan parte hartuz. Halere, gudaren amaiera heltzear zegoela, Frantziara ihes egiten saiatzen ari zela, zibilek atxilotu zuten.
Huescan eta Jacan izan zen preso, baita Larrinagan ere. 12 urterako gartzela zigorra zuen arren gutxira atera zen kalera, jarrera onagatik, irakurtzen pasa baitzuen gartzelaldiko aisialdi bakarra. Atera zenean bere familia guztiak alde egin zuela ikusi zuen, herbestera bidali zuten gainera, bere etxetik 200 kilometro baino gertuago bizi ezin zitekeela agindu zioten. Cangas de Onisera, Asturiasera, alde egin eta bertan zelula komunista bat sortu zuten, PCErekin berriz kontaktuan jartzeko saiakerak aurrera eraman zituztelarik.
Atxilotu zuten eta berriz ere kalera ateratzea lortu zuen eta diktaduraren aurka militatzen jarraitu zuen. Horren guztiaren inguruan hitz egingo du gaur.