Landazuri Etxearen okupazioaren ondorioz Amurrioko Gazte Asanbladako 9 gaztek isuna jaso dute. Epaiketa irailaren bukaeran izan zen eta dagoeneko epaileak bere erabakia helarazi die gazteei; 450 euroko zigorra ezarriz. Epaiketaren egun berean sinbolikoki Landazuri etxea okupatu zuten berriro. Helburua protesta egitea zenez, baina, arratsaldean alde egin zuten bertatik.
Nahiz eta eskaera fiskala askoz handiagoa izan, Amurrioko Gazte Asanbladak iragarri du ez dagoela ados eta helegitea jarriko duela. Haien ustez, urte askotan zehar hutsik egon den eraikina gaztetxe izateko okupatzea ez da delitua. Horregatik absoluzioa bakarrik onartuko dutela adierazi dute.
Gazte Asanbladak udalarekin harremanak eten zituen epaiketaren harira. Baina epaia jaso bezain laster erakundearekin bilerak egin dituzte Gaztetxearen auziari konponbidea topatzeko.