Conama fundazioak jasangarritasunaren aldeko tokiko ekimen onenak saritzen ditu urtero. Hain zuzen, 30.000 biztanletik behera dituzten Estatuko udalerriak aurkeztu daitezke sari horretara.
Amurrioko Udalak, bada, “Amurrio Sare” proiektua aurkeztu du aurtengo ediziora. Proiektuaren helburua da udalerriko enpresa-ehuna dinamizatzea ekoefizientziari lotutako ekintzen bidez, eta enpresen eta herri-administrazioaren arteko lankidetzan oinarrituta. Horretarako, beraz, Amurrioko enpresak ingurumenaren aldetik hobetzeko ekintzak eramaten dituzte aurrera.
Proiektua Udalaren eta Amurrio Bidean toki-garapenerako agentziaren ekimena da, eta Ihoberen laguntza ere badute. Hari buruzko xehetasun gehiago aurkitu dituzue hemen: http://www.premioconama.org/premios13/premios/proyectos_popup.php?id=182
Azaroaren 11n eta 12an, Granadan egingo den Lurralde Garapen Jasangarriari buruzko Foroaren barruan entregatuko da saria.
Dena den, Amurriokoa ez da sari horretara aurkeztu den Aiaraldeko proiektu bakarra. Izan ere, atzo aiaraldea.com-en argitaratu zen Urduñako Udalak La Paul inguruan egin nahi duen laku ekologikoa ere saria eskuratzeko hautagaien artean dagoela.