2011/05/03 17:00
Datorren maiatzaren 3an, asteartean, herritar foroa izango da Amurrion, parte hartzeko prozesuaren barruan.
Uraren Esparru Zuzentaraua ezartzeko prozesuaren ondorioz, ur-administrazioek plan hidrologiko berriak prestatu behar izan dituzte, eta barne hartu dituzte ur-arloko legezko erreforma berritzaile horrek finkatu dituen oinarriak: ekosistemak babestea, uren erabilera iraunkorra eta jendearen parte-hartze eraginkorra.
URA - Uraren Euskal Agentziak lekuko hori jaso du, eta prozesu bat abiarazi du jendeak Euskal Autonomia Erkidegoko plan hidrologikoak prestatzeko lanean parte har dezan. Era berean, Euskal Herrian uraren esparruan dauden eragilerik garrantzitsuenek gonbidapena jaso dute prozesuan parte hartzeko. Programak hainbat helburu ditu: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Barnealdeko Arroen Plan Hidrologikoaren zirriborroak eragile horiekin egiaztatu nahi dira; bestetik, ekarpenak jaso nahi dira, Kantauriko eta Ebroko Mugapeen Plan Hidrologikoak berrikuste aldera.
Honako hau ez da Uraren Euskal Agentziak antolatu duen lehen esperientzia parte-hartzailea. 2007an eta 2008an, jendeak parte hartzeko prozesu bat bultzatu zuen, “Ur-kudeaketaren arloko gai garrantzitsuen eskema” izeneko txostena prestatze aldera. Uraren Esparru Zuzentarauaren arabera, plangintza-prozesuan prestatu beharreko txostenetako bat da hori, eta oinarri gisa hartzen da plan hidrologikoak egiteko.
Prozesu parte-hartzailea aurrez aurreko hogeita bi lan-saiotan egituratu da; eta lan-saioetan honelako gaiak aztertu dira: emari ekologikoak, urpean gelditzeko arrisku-maila eta lurraldearen antolamendua, kostuak berreskuratzea, eta uraren eta energia- edo nekazaritza-sektorearen arteko harremana.
Plangintza hidrologikoa herritarrengana hurbiltzeko asmoz, 9 herritar foro antolatu dira Euskal Herriko hainbat tokitan, eta horietako bat Amurrion izango da.
Foroa datorren maiatzaren 3an izango da, asteartean, 19:00etan, Katekesis aretoan. Bertan, labur-labur aurkeztuko dira plan hidrologikoen edukiak eta Amurrio aldean ezarri nahi diren neurriak, eta herritarren ekarpenak eta iradokizunak jasoko dira.
Aurrez aurreko lan-saioez gain, beste bide batzuk zabaldu dira jendeak parte har dezan, Interneten bidez. Hala, bada, URA agentziaren web orrian (www.uragentzia.net) planari buruzko informazioa dago eskuragarri, eta ekarpenak ere bidali ahal dira. Era berean, sare sozialak eta Eusko Jaurlaritzaren www.irekia.net ataria erabil daitezke, herritarrak eta Administrazioa harremanetan jartze aldera.
Argibide gehiago nahi izanez gero: avillalba@bakeaz.org / 94 479 00 70
Info +: http://www.amurrio.org/eu/article_news_planhidro.html
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.