"Ikaragarri pozik gaude aurten Araba Euskaraz jaiak izan duen erantzunarekin"

Aitor Aspuru Saez 2013ko eka. 17a, 19:24

AITOR GARATE (Arrasate, 1958) Aresketa Ikastolako zuzendari lanetan aritu da guztira 8 urtez. Burubelarri aritu da azken hilabete hauetan atzo Amurrion ospatu zen Araba Euskaraz jaia antolatzen. Biharramunean berarengana jo dugu jaiaren balorazioa egiteko.

Zein da antolakuntzak atzo ospatu zen Araba Euskaraz jaiaz egiten duen balorazioa?

AITOR GARATE

Zein da antolakuntzak atzo ospatu zen Araba Euskaraz jaiaz egiten duen balorazioa?

Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiegu antolakuntza lanetan lagundu ziguten herritarrei eta herritik kanpoko laguntzaile guztiei. Beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen hau ganoraz ateratzea. Era berean jaian parte hartu duen jendea ere zoriondu nahi dugu.

Giro aparta lortu genuen, jende asko etorri zen, emandako aholkuei kasu egin zion jendeak, eta gainera antolakuntza ardurak zituztenen aholkuak jarraitzeaz gainera jendeari laguntza eskatu zitzaionean erantzuna oso ona izan zen egun guztian zehar. Eskerrik asko beraz guzti guztiei.

Etorritako jende kopuruak nabarmenko gorantza egin du, 2005eko Araba Euskarazekin konparatuz. Eguraldi ona, giro aparta... oso pozik gaude lortutako emaitza guztiekin.

Oraindik datu zehatzak biltzen ari gara eta daturen bat edo beste falta zaigu. Baina esan beharra dago neurketak egin genituela ibilbidearen zenbait lekutan eta 2005eko eta atzoko jaia alderatuz nabarmenki gora egindako emaitza dugula.

Bizkaialdetik trena gainezka etorri zen ordu punta guztietan, 10:00etatik 13:00ak bitartean 20 minuturo zeuden trenak eta gainezka etorri ziren. Alde horretatik, prestatu genituen aparkalekuak bete zitzaizkigun eta herriaren bestaldeko aparkalekuetara bideratu genuen jendea.

Ikaragarri pozik zentzu horretan.

 

Aurreikuspen guztiak gainditu dituzue orduan?

Bai, 1986ko jaia arrakastatsua izan zen, 1996an eguraldiarekin arazoak izan genituen bero gehiegi egiten zuelako eta horrek suposatu zuen beherakada txiki bat, 2005ean gora egin genuen berriro eta oraingoan marka guztiak apurtu ditugu.

Beldur apur bat bagenuen, hainbeste denbora eguzkirik gabe eta atzo atera zen eguraldiarekin beldur ginen jendeak ez ote zuen hondartzara joateko tentazioa.

Ziurrenik hondartzara jende asko hurbilduko zen baina hemen ere jendetza ikaragarria elkartu zen.

 

Ekimen guztiak izan ziren arrakastatsuak, baina zuen ustez zeintzuk izan ziren berezienak eta jendetsuenak?

Berezienak izan ziren omenaldiak eta hasierako ekitaldia. Reforren egindako hasierako ekitaldi horretan Ikastolako jende askok eskua hartu zuen eta zoriondu gaituzte alde askotatik. Listoia garai samar jarri dugula ekitaldi horren inguruan.

Akats txiki bat izan genuen, Erramun Martikorenak ez zen denboraz heldu eta egin izan behar genuen omenaldi erdia. Eta bazkal ostean konpondu genuen bigarren zati hori.

Egindako lehen zati hori, Carlos Larrinagari eskainitakoa, benetan hunkigarria izan zen.

Arratsaldean, nabarmenki bereiztu behar dira bi gune: parkea oso giro lasaia eta jende askorekin bazkal ondoren zuhaitz artean eta gero Reforreko inguruak. Kontzertuena izan zen ikaragarria.

2005ean genituen erreferentziei dagokienez, futbol zelai erdia zegoen beterik eta aurten ia osoa bete dugu. Oso ondo.

 

Alde ekonomikotik ere, pozik ezta?

Bai. Pozik gaude. Azkeneko kontuak kuadratzen ari gara. Baina atzo arratsaldeko 19:00etan jaso genituen datuekin oso gustora. Mila esker guztiei eskainitako laguntzagatik.

 

Zenbat bolondres aritu dira, jaia hasi baino lehen eta jaia iraun duen bitartean?

Bakarrik atzo behar izan genuen jendearen kopurua ikaragarria izan zen. Bost txosna izan genituen, bakoitzak txanda bi zituen, txanda bakoitzean 20 pertsona inguru behar ziren. Horretan beraz, txosnei aurre egiteko, 200 pertsona behar genituen.

Horri gehitu behar zaie sarreretan ibilitakoak, salmenta puntuetan egondakoak, segurtasuna, dirua kontatzen dituztenak, garbiketa, aparkalekuak, trafikoa...

Atera kontuak, zer nolako saltsa genuen.

Eta gainera gehitu behar da Udaltzainak, Gurutze Gorria, Osakidetza, Babes Zibila, Suhiltzaileak eta abar luzea.

Egiten zuen beroa ikusita, arratsaldean eskatu genien suhiltzaileei Reforren kontzertuen aldera hurbiltzeko ur pixka bat botatzera, egin zuten eta horrek erabat konpondu zituen zenbait arazo; beroa, jende gehiegi, area...

Bestalde, aurretik egindako ekitaldietan gauza bera gertatu da. Bakarrik ikusi behar da ekainaren 7an ospatu genuen jaia. Herriko kulturaren, dantzaren, abestiaren inguruan mugitzen den jende guztiarekin kontatu genuen: Udal Dantza Eskola, Udal Musika Eskola, Aiara Dantza Taldea, San Joseko Sevillana taldea, areto dantza taldea... ia denek parte hartu zuten, eta oso eskertuta gaude.

 

Eguraldi ona egingo zuenaren keska ere bazenuten, eta azkenerako egun aparta izan zen.

 

Bai, gure buruhausterik handienetako bat hori izan da azken asteotan. Gogoratzen dut Ibilaldian ere antzeko gauza bat gertatu zela, aurreko aste luzeetan eguraldi eskasa eta ibilaldiaren egunean bertan sekulako zortea izan zuten, eta guk inbiriaz begiratzen genituen, beldurtuta neurri handi batean.

Zorionez oso eguraldi ona izan genuen, eta begira zer gertatu den gaur, arratsalderako inguruak busti egin zaizkigu eta eskerrak goizean ia dena jaso dugun adibez parkean... Bestela orain arratsaldean euriarekin kamioaiak sartuz gero gune berde hauetara, txikizioa handia izango zen. Egia esan bai, suerte puntua izan dugu.

 

 

Lan gogorra da Araba Euskaraz antolatzea, baina oraindik ere lanak dituzue egiteko,ez?

 

Bai, egia esan gauza bat dugu gure alde, azken urteetan ae-k ere aurrera egin du. Duela urte batzuk biharramuna izaten zen zailena, ia gauza gehienak jaso gabe gelditzen baitziren, bilduta baino ez. Gaueko zaintzak antolatu behar ziren... Baina horretan ere aurrera egin dugu: atzo gauza asko eta asko jasotzeko eta beste asko bilduta uzteko aukera izan genuen, batez ere erdiguneko ingurua utzi nahi genuen garbi, eta lortu genuen, nahiko txukun utzi bait genuen atzo arratsalderako, eta gaur gauzak askoz errezago joan dira. Refor gunea gaurko utzi genuen bereziki, zikinago baitzegoen.

Hala ere garbiketa lanak eguerdirako amaitu ditugu, eta orian adibidez, parkean nago eta % 90 inguru jasota dugu dagoeneko. Reforren bihar egurdian amaituko dugu.

 

Dena kontrolpean beraz...

 

Bai, gaur herriko plazara edo parkera hurbiltzen denak ez badaki atzo Araba Euskaraz ospatu zela herrian, ezingo du imajinatu ere egin.

 

Arazo larririk izan da?

 

Izan genituen pare bat istripu, alergi kontuekin besteren bat, eta alkohola dela eta gauzatxoren bat edo beste, baina gauza larririk bat ere ez, eta zoriontzekoa da. Aipatu behar dugu jaia borobila atera zitzaigula, baina baditugula gauza batzuk hobetu beharra, bereziki Refor aldean izan dugun zikinkeria, hobetu beharreko gauza bat dela uste dugu. Agian ez genuen ondo asmatu garbiketa puntuak kokatzerakoan, eta han bildutakoek ere ez zituzten bereziki errespetatu inguruko garbitasuna eta txukuntasuna,, eta hausnartzeko gaia izango da. Nik atzo ez, baina gaur goizean ikusi dut Refor aldea eta pixka bat beldurtu naiz... Hala ere den-dena ondo ateratzea ezinezkoa da, eta hobetu beharreko zerbait izatea ere ona da. Hori izan da puntu beltz bakarra, garbitsuagoak izan gaitezkeela alegia.

 

Orokorrean dena oso ondo atera da, hainbat erakundek, Udalak ere, eta herritarrek zoriondu gaituzte, bai eta herria nola geratu denagatik.

 

Azkenik eskerrak eman nahi dizkiogu Aiaraldea Komunikazio Leihoari Araba Euskarazen jarraipenean egindako lanagatik.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide