“Pozik nago Euskadiko Saskibaloi Selekzioan, maila altua dago”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abe. 15a, 07:00

Eginkizun bikoitza izango du hemendik aurrera RICHIS OMORUYI (Amurrio, 2003) saskibaloi jokalariak. Zaraobe Klubeko partidak Euskadiko Selekziokoekin uztartu beharko ditu, bi taldeetan arituko baita.

Euskadiko Selekzioarekin aritzeko hautatu berri zaituzte. Nolatan?

Eginkizun bikoitza izango du hemendik aurrera RICHIS OMORUYI (Amurrio, 2003) saskibaloi jokalariak. Zaraobe Klubeko partidak Euskadiko Selekziokoekin uztartu beharko ditu, bi taldeetan arituko baita.

Euskadiko Selekzioarekin aritzeko hautatu berri zaituzte. Nolatan?

Euskadiko Torneoa eta gero hautatu zituzten selekziorako jokalariak. Behatzaileak joaten dira torneoko partidetara, eta eurek hautatzen dituzte. Hamazazpi neska hartu gintuzten lehenbizi, eta hamabi geratu gara azkenean.

Pozik hautaketarekin?

Bai, noski.

Zaraoberekin entrenatzen jarraitzeko asmoa daukazu?

Bai. Euskadiko Selekzioarekin igandeetan baino ez dugu entrenatuko. Duela bost aste hasi ginen entrenatzen, eta pozik. Maila altua dago. Zaraoberekin astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenatzen dut.

 

"Posible izango dut biak -Selekzioa eta Zaraobe Kluba- uztartzea"

 

Hasi zarete selekzio gisa partidak jokatzen?

Aurreko asteburuan Asturiasen egon ginen, torneo batean. Beste bi selekzioren aurka jokatu genuen bertan.

Datozen asteetan ere beste hainbat partida izango ditugu. Miranda de Ebrora joango gara gero, eta selekzio guztietako kideak batuko gara gero, Murtzian edo Andaluzian, oraindik ez dago zehaztuta.

Eta Zaraoberekin?

Aurreko astean ez genuen partidarik izan, baina datozen asteetan batzuk izango ditugu. Zaraoberekin soilik larunbatetan izaten ditugu norgehiagokak. Apurka apurka hobetzea da gure asmoa, entrenamenduen bidez.

Urteak daramatzazu saskibaloian jokatzen.

Bai, sei urterekin hasi nintzen. Benjaminetan hasi nintzenean ez nuen postu konkreturik taldean.

 

"Baina infantil kategoriara pasa nintzenean pibot bezala hasi nintzen jokatzen, eta postu horretan nabil gaur egun"

 

Pibota izateko altuera apur bat izan behar duzu, baina baita mugikortasun asko ere.

Nondik datorkizu saskibaloiarekiko zaletasuna?

Saskibaloia baino lehen balleta egiten nuen, egun batean gehiago ez egitea erabaki nuen arte. Orduan amak esan zidan kirolen bat egin beharko nuela. Nire lagun batzuk saskibaloian aritzen ziren eta nire nebak eta nire aitak ere entrenatzen zuten. Horregatik hautatu nuen kirol hori. Gustura nago saskibaloian, eta ondo moldatzen naiz.

Saskibaloi talde ugari daude eskualdean. Maila altua dago?

Maila ona dago. Ez dugu Laudioko klubaren aurka jokatu, baina onak izango direlakoan nago. Zaraoben, baina, ni naiz 2003an jaiotako jokalari bakarra. Urte bat gehiagoko jokalariekin jokatu behar izaten dut, beraz.

Alde handia dago zure adineko edo urte bat gehiagoko kideekin jokatzearen artean?

Alde apur bat bai, badago. Euskadiko Selekzioarekin nire adineko jokalariekin nabil entrenatzen, eta aldea nabaritzen da.

Emakume gutxi daude saskibaloian?

Geroz eta gehiago daude. Klubek ate irekien jardunaldiak egiten dituztenean neska asko bertaratzen dira, eta talde ugari sortzen dira horrela.

Zer nolako harremana duzu selekzioko beste jokalariekin?

Ona. 2015ean elkarrekin egon ginen txapelketa batean, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide