Konpromisoz betetako Euskararen egun historikoa Aiaraldean

Erredakzioa 2016ko abe. 5a, 14:07

“Aiaraldea euskaldun!” lemapean txiki geratu da Amurrioko Juan Urrutia plaza, Euskararen Nazioarteko Eguna "modu bateratuan" ospatzeko deia egin baitzuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Urduña, Artziniega, Amurrio, Okondo, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Laudio, Aiara eta Orozkoko ehunka norbanako eta erakundeek parte hartu dute ekitaldian.

“Aiaraldea euskaldun!” lemapean konpromiso eta maitasunez bete da Amurrio. Ehunka lagun batu dira Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deitutako ekimenera. Txiki geratu da Amurrioko Juan Urrutia plaza. Izan ere, Urduña, Artziniega, Amurrio, Okondo, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Laudio, Aiara eta Orozkoko ehunka norbanako eta erakundeek parte hartu dute ekitaldian.

Bertsolarien ondotik sortu dute konpromisoen lorategia. Giro ederra medio, euskararen erabilera areagotzeko hartuko dituzten konpromisoak “mikro irekian” azaldu dituzte horietako batzuk. Urduñako Herri Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak, adibidez, komunikazio euskarri guztiak elebitan egingo dituela hemendik aurrera aipatu du; eta Arrankudiagako Gizarte Etxeko kide batek bilerak eta ekintzak euskaraz egiten saiatuko direla. Haur eta gazteek ere hartu dute hitza, euskaraz bizi nahi dutela adierazi duten bi saharauiarrek kasu. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren mezua zabaldu dute jarraian, eta ondoren, eskualdeko artistek sortutako “Euskararen errota” abestiarekin flashmob-a grabatu dute.

 

Bide ezberdinak, helmuga bera

Goizean goizetik, hainbat bide eta modu aukeratu dituzte herritarrek 12:00etan Amurrioko plazara iristeko. Batzuk, Nerbioiko parke linealeatik oinez bertaratzea erabaki dute. Beste batzuk, berriz, patinak eta bizikletak hautatu dituzte. Laudiotik, esaterako, musika eta eguraldia lagun, 10 patinatzaile eta 50 txirrindularitik gora elkartu dira errepidean barrena. Hala, 11:30ean Amurrioko hiru puntutaatik abiatu dira zutabeak Juan Urrutia plazarantza. Guk eskulturaren inguruan, adibidez, Artziniegako Builaka batukadaren erritmora girotu dituzte kaleak. Bateko zein besteko, kalejira hasterako bete-bete zegoen Herriko plaza.

 

Mugarri berria

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Euskararen eguna ospatzeko deialdi bateratua egin duen lehen aldia. Dinamika oso positiboki baloratu dute antolatzaileek, “egun historikoa da guretzat, jende asko batu da”. Horregatik, gaurko eguna “mugarri” izatea espero dutela erantsi dute, eta euskarak 365 egun dituela-eta, lanean jarriatuko dutela konpromiso eta maitasunez Aiaraldea euskalduntzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide