Alfredo Remirez amurrioarra epaituko dute datorren otsailaren 27an Entzutegi Nazionalean. Hala jakinarazi du Remirezek berak bere twitter kontuaren bitartez. 2015eko maiatzaren 19an atxilotu zuen Guardia Zibilak amurrioarra, Araña III operazioaren baitan. Sare sozialetan "terrorismoa goratzea" egozten diote, eta bi urteko kartzela zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta 16 urteko inabilitazioa eskatzen diote.
Lau atxilotu eskualdean, hiru urtetan
Alfredo Remirez ez da terrorismoa goratzeagatik atxilotutako aiaraldear bakarra. 2014ko apirilean Aitor Martinez laudioarra atxilotu zuten, Araña I operazioan. Hala ere, bertan behera geratu zen bere aurkako auzia.
Aurten, berriz, bi atxiloketa egon dira: apirilaren 13an Bilboko gazte bat atxilotu zuten amurrion, operazio beraren fase berri batean. Handik hilabete batera Galder Barbado gazte amurrioarra atzeman zuen Guardia Zibilak, Gazte Danbadan jarritako pankarta batekin "terrorismoa goratzea" egotzita.