"www.gernika.ru ataria elebiduna da, euskaraz eta errusieraz ateratzen dugu eduki guztia"

Aitor Aspuru Saez 2013ko api. 8a, 08:18

ROBERTO SERRANO (BILBO, 1962) irakaslea da eta Amurrion ematen ditu klaseak. Baina horretaz gain, proiektu oso bitxian parte hartzen du. Honen berezitasuna da errusiarra eta euskara uztartzea.

Noiz eta nola sortu zen gernikapress.ru egiteko ideia?

San Peterburgon euskaltzale errusiar bat bizi zen, Yuri Zitsar, Euskaltzaindiaren ohorezko kidea, eta haren atzetik hurbildu nintzen Peterburgora.

ROBERTO SERRANO (Gernika) irakaslea da eta Amurrion ematen ditu klaseak. Baina horretaz gain, proiektu oso bitxian parte hartzen du. Honen berezitasuna da errusiarra eta euskara uztartzea.

Noiz eta nola sortu zen gernikapress.ru egiteko ideia?

San Peterburgon euskaltzale errusiar bat bizi zen, Yuri Zitsar, Euskaltzaindiaren ohorezko kidea, eta haren atzetik hurbildu nintzen Peterburgora.

Han nengoela Roman Ignatiev agertu zen, Txeliabinskeko gizona, Moskun bizi den zientzialaria. Berau ere euskatzalea da, etnografoa izateaz gain. 2006ko Gabonetan elkartu ginen eta euskal esparruan zerbait egitea bururatu zitzaigun. Badakizu mahaian esertzen garenean nolakoak izaten garen… Planak eta egitasmoak berez jaiotzen dira.

Komunismoaren ondoko Errusian egokiena argitaletxe bat sortzea iruditu zitzaigun, berez liburuak paperean geratzen dira, betiko. Hala, 2007. urte osoa paperak betetzen eman genuen, burokrazia ez da nolanahikoa, baina azkenean baimen eta zigilu guztiak lortu genituen, “Gernika” argitaletxe legala da, eta liburuaz gain aldizkari elektronikoa hedatzeko baimena ere lortu genuen.

Ordutik hona aldizkarian 15 ale baino gehiago osatu ditugu eta euskal literaturako hamar itzulpen daude Errusiako liburu-dendatan.

 

Zer da atarian eskaintzen duzuen edukia, zeintzuk dira zuen irizpideak?

www.gernika.ru ataria elebiduna da, euskaraz eta errusieraz ateratzen dugu –saiatzen gara- eduki guztia. Euskara ikasi nahi duen errusiarrarentzat edo errusiera ikasi nahi duen euskaldunarentzat zubi egokia eta erosoa delakoan gaude. Kontuan izanda Roman etnografoa dela eta ni literatura irakaslea, hortik doa edukia… Atalak honako hauek dira: euskara, hor linguistika eta soziolinguistika (euskararen esparruan) lantzen ditugu.. Euskal Herria atalean etnografia lantzen dugu. Ahotsak atalean literatura edo euskal kultura zerbait esan nahi dutenen ahotsa eskaintzen dugu. Euskal txokoak atalean, turismoari begira, herri txikiak aurkezten saiatzen gara. Hau da, Errusian bestela inoiz agertuko ez liratekeen herriak ematen ditugu. Eta azken atalean, gastronomia, euskal errezetak, egunerokoak, ematen ditugu.

Horrez gain euskara – errusiera hiztegi online bat daukagu eta Yuri Zitsarren lan guztiak digitalizatu ditugu.

Multimedia arloan argazki galeriak osatzen ditugu, bideoak (azpitituluekin), audioak etab. Azken ataltxoan albisteak lantzen ditugu, hemen gertatutakoa eta Errusian interesgarri gerta daitezkeenak, gehi Georgia edo Errusian kultura arloan ager daitezkeenak.

 

Zer nolako harrera izan du atariak Euskal Herrian eta Errusian?

Irakurle aldetik pozik gaude, ez dugu inolako kanpaina berezirik gauzatu (nahi genuen, baina, badakizu, dirurik ez), eta hala ere milioi erdi bisita izan ditugu jadanik. Gainera euskal kulturaz zerbait bilatzen baduzu errusieraz, beti agertzen gara lehen aukeretan, hau da, zirilikoz googlen idazten baduzu “txapela”, edo “txistu”, edo “baskskiy yazyk” horra agertzen da lehenbizi “gernika.ru” orrialdea. Hori pozgarria da, zalantzarik gabe. Irakurle gehienak, %80 inguru, Errusiatik datoz, beste %20 Euskal Herritik edo munduko beste edozein puntutatik, errusiar edo euskal emigrazioa izan daitekeena.

Esan beharra dago gehien irakurtzen diren atalak euskara eta gastronomia direla, hau da, Errusian euskarekiko eta euskal gastronomiarako interesa benetan handia da. Horrek euskal sukaldaritzako liburu bat argitaratzeko pizgarria ematen digu, egunen batean lortuko dugu.

 

Noren babesa izan duzue zuen ibilbidean?

Zorionez, jende askok luzatu digu eskua laguntzeko. Ekonomikoki hasiera batean Eusko Jaurlaritzako Kultura arloak laguntza eman zigun aldizkari elektronikoa gauzatzeko. Liburuen itzulpenean ere laguntza ekonomikoa daukagu, hori gabe ezinezko gertatuko litzateke liburuak argitaratzea. Baina dena ez da dirua, badago beste laguntza mota asko, adibidez Berria egunkariak bideoak eskaini zizkigun, Eusko Ikaskuntza, Euskomedia eta Euskonewsek argazkiak, Rianovosti eta Novosti-Gruzia agentziek albisteak… Barandiaran Fundazioa, Etxepare Fundazioa, Sancho el Sabio Fundazioa, Euskaltzaindia, beti agertu dira prest laguntzeko…

 

Etorkizunerako zeintzuk dira zuen planak?

Liburuen atalean, literaturan, orain arteko erritmoa mantentzea gustatuko litzaiguke (bizpahiru liburu itzuli, urteko), eta gastronomiari buruzko liburua argitaratzeko finantzaketa bilatu nahi dugu, badakizue sukaldaritzako liburuek testu aldetik gutxi dutela, baina liburuaren maketazioa (tamaina, argazkiak, paperaren kalitatea) oso garestia izaten dela. Baina orain daukagun arazoa banaketan dago, banatzailea aldatu behar dugu eta hori, uler ezazue, arazoa da hain zabala den herrialde honetan, poetak esan zuen moduan, “Errusia ezin da metroz neurtu, ezin da arrazoiz ulertu”…

Aldizkarian bultzada bat eman nahi dugu, azken urtean pixka bat abandonatuta izan dugu eta. Talde bat osatu nahi izango genuke aldizkariaren kudeaketan aurrerapausoa emateko, euskara ikasi nahi duten errusiarren eta errusiera ikasi nahi duten euskaldunen taldetxo bat osatu eta aurrera! Edukiak agian berriztatu behar dira, multimediari garrantzi gehiago eman… Gaia aztertu, landu eta zehaztu behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide