JOSEFINA BURUTXAGAk (Saratxo) irabazi du aurten Urrezko Guka. Odol emaile moduan ibilbide luzea egin du eta herriak bere ahalegina eskertu dio modu honetan. Udan pregoia esan beharko du jaien hasieran.
Zer sentitu duzu Urrezko Guka jasotzerakoan?
Ilusio handia egin dit. Ondo dago jendeak aitortzea modu altruistan egiten duzuna baina aldi berean errespetua eragiten dit. Herriaren jo puntuan nago eta.
Urrezko Guka jaso duzunez, pregoia emateko ardura zurea izango da, hasi zara horri buruz pentsatzen edo oraindik ez?
Apur bat bai. Eskerrak eman behar ditudanez bi gauzak elkartuko ditut agian.
Norbaitek ez badaki zergatik eman dizuten saria, nola azalduko zenioke?
Ni izan naiz azkenengo 25 urte hauetan Amurrioko odol emaileen ordezkaria. Amurrio bere osotasunean, baita Saratxo eta Arrastariako herriak ere. Uste dut lan hori egiteagatik eman didatela saria.
Bestalde, Aiaraldeko emakume bakarra naiz odola 100 aldiz baino gehiagotan eman duena. Bueno, ez dakit, imajinatzen dut lehen esan dizudanagatik dela, ez 100 aldiz odola emateagatik.
Odola ematearen garrantzia azaldu beharko bazenu, nola egingo zenuke?
Nire kasuan oso modu errezean ikusi nuen, arriskua etxean nuen eta. Ni odol emaile egin nintzen horren beharra ikusi nuelako etxean. Nire aitak odol ugari behar zuen makina bat ebakuntza egin zizkiotelako baina garai horretan oso gaztea nintzen. Gaztea nintzenean nire mutilaguna zena, orain nire senarra dena, hain zuzen ere, istripu oso larria izan zuen eta Amurrioko bost odol emaile bizitza salbatu zioten, nahiz eta bera Amurriokoa ez izan.
Orduan pensatu nuen: "niri dagokit ekintza berarekin jarraitzea". Odol emaile egin nintzen, nire senarra ere odol emaile bilakatu nuen eta nire alaba ere odol emailea da. Etxean kanpaina egin dut ahal izan dudan neurrian.
Jende askori esan diot odol emailea egin behar zela eta horiek beste batzuei. Modu hori eraginkorrena da. Behin esaten diozu pertsona bati zurekin joatea eta ikusi dezake ez dela hainbesterako. Eta aipatzen diozu galdetegi bat besterik ez duela bete behar, edo tentsioa hartuko diotela, ur tanta aterako diotela aztertzeko... Agian egun horretan ez da animatzen, baina hiru hilabete geroago anima daiteke.
Zergatik uste duzu jende gehiagok ez duela odola ematen?
Ezjakintasunagatik, gehienbat gazteen artean. Gero, etzan egiten dituztenean eta odola ateratzen dietenean, orratzei begiratzen ez diotenean konturatzen dira ez dela hain beldurgarria. Mingarriagoa da burdinaren azterketa odola ematea baino. Burdina aztertzen dutenean ziztada ematen dute eta odola ematea ez du minik eragiten.
Eta urtea bukatzen denean jarraituko duzu edo lekukoa emateko garaia heldu zaizu?
Gustatuko litzaidake lekukoa pasatzea, baina ahal dudan bitartean lan hau egingo dut.