LAB sindikatuak sektore publikoan egiten ari diren murrizketen aurkako elkarretaratzea deitu du Amurrioko udaletxean gaur 12:30ean. Bereziki, foru eta udal langileei zuzendutako deialdia da gaurkoa. LABen ustez murrizketa gogorrak jasaten ari dira tokiko eta foru beharginak: "lanaldiaren luzapena, lan‐bajen kasuetan lansariak jaistea, opor eta baimen egunak galtzea, abenduko aparteko lansaria galtzea, aurretik izan genituen soldata murrizketez gain, ..."
Zentzu horretan, sindikatuak salatu du udal eta Aldundi batzuk azken lan erreformaz baliatuz langileen eskubideak urratzeari ekin diotela. "Foru eta toki instituzio gehienek murrizketak aplikatu dituzte ezinbestez bete behardirenaren aitzakiapean; PNV,PSOE eta PP alderdiek osatzen duten EUDELeko Batzorde Eragileak EAEn aholkatu zuen legez" adierazi du LABek ohar baten bidez. Horren adibidea da Amurrioko Udala, haien aburuz.
Krisi ekonomikoak ezarri duen joeraren aurka, LABek aldarrikatu du zerbitzu sozialak mantendu eta hedatu behar direla.