"Aireportuan bizi arren onartu behar dut oso etxetiarra naizela"

Aitor Aspuru Saez 2013ko urt. 21a, 07:35

DIEGO MARTíN ETXEBARRIA (Amurrio, 1979) gaztea da oraindik baina lorpen ugari erdietsi ditu. Europa mailan lan egiten du orkestra zuzendari gisa. Arrakastak, dena den, ez dio ez euskara ezta bere eskualdea ahaztuarazi ere.

 

Noiz eta zergatik erabaki zenuen musika zuzendari izatea?

DIEGO MARTíN ETXEBARRIA (Amurrio, 1979) gaztea da oraindik baina lorpen ugari erdietsi ditu. Europa mailan lan egiten du orkestra zuzendari gisa. Arrakastak, dena den, ez dio ez euskara ezta bere eskualdea ahaztuarazi ere.

 

Noiz eta zergatik erabaki zenuen musika zuzendari izatea?

Egia esanda, betidanik nire ametsa orkestra zuzendari bihurtzea izan da. Umea nintzenean ere, nahiz eta oraindik ez nekien zer egiten duen benetan zuzendari batek. Nire lehen piano irakaslearekin -María Gadea- hitz egiten dudanean oraindik barre egiten du gure lehenengo elkarrizketa gogoratzen. Berak galdetu zidan zergatik nahi nuen pianoa jo eta nik ausardia osoz erantzun nion orkestra zuzendaria izan nahi nuela.

Nire familian ez dauzkagu beste musikaririk baina nire amari musika asko gustatzen zaio eta nire aita, ni bezala, operazale handia da.

Zer ikasketa mota eta non egin dituzu?

Amurrioko Musika Eskolan pianoa eta oboea jotzen hasi nintzen. Geroago, Gasteizko Kontserbatorioan oboe eta pianoarekin jarraitzen nuen bitartean, goizez Deustuko Unibertsitatean Hispaniar Filologian lizentziatu nintzen.

2001etik 2005era Bartzelonan Goi Mailako Titulua atera nuen Orkestra Zuzendaritzan eta gero Alemaniara mugitu nintzen beka batekin, graduondoko ikasketetak egin asmoz. Lehendabizi Weimaren eta gero Dresden ibili nintzen. Oraintxe bertan, idaztean, konturatu naiz zein luzea izan den bidea!

Gaur arte zenbat lekutan ibili zara lan egiten?

Hiriak edo herrialdeak? Ia aireportuan bizi naiz. Batez ere Alemanian eta Estatu Espainiarrean lan egiten dut baina Italian, Suitzan, Portugalen, Frantzian, Austrian eta Ingalaterran ere aritu naiz. Izugarri gustatzen zait musika egiteak eta ez nau kezkatzen nora joan behar dudan horretarako.

Gaur egun une gozoak bizi dituzu, ezta? Zeintzuk dira dituzun proiektuak eta lortu dituzun arrakasta ezberdinak?

Bai, 2013. urteak momentuz oso berri onak ekarri dizkit. Lehenengo galderan esan dudanez operazale handia naiz eta horregatik asko poztuko nau martxoan Puccini-ren "La Bohème" zuzentzeak Augsburg-ko Opera Antzerkian. Egia esan, operagatik erabaki nuen Alemaniara mugitzea. Alemaniarrek opera kultura izugarria daukate eta niretzat ohorea da hain ospetsua den musika-lanean aritzea.

Baina momentu honetan kontzentratuta nago hurrengo asteko kontzertuetan Ciudad de Granada orkestrarekin. Abenduan joan nintzen lehenengo aldiz eta oso esperientzia ona izan zen.

Orkestra berri batekin lan egitea oso hunkigarria da baina errepikatzea are eta garrantzitsuagoa da zure lana ona izan dela adierazten du eta. Gainera Granadako Orkestran Bartzelonan nengoeneko oboe irakasleak jotzen du eta oso polita izan da egoera honetan berarekin berriro topatzea.
Eta hirugarren berria "bis" bat bezala izan da. Ekainean CD bat grabatu nuen Cobla Sant Jordi-rekin (Cobla Kataluniako orkestra mota bat da, instrumentu tradizionalekin jotzen duena) eta Marc Timón-en musika zuzentzen hasi nintzen.

Marc Timón oso konpositorea adimentsua da eta, gainera, nire laguna. Primeran ibili ginen grabazio estudioan eta oso pozik atera ginen emaitzarekin. 6 hilabete ondoren, nolabait esateko, baieztapena jaso dugu "Enderrock" albistearen proposamenarekin urteko folk album sarietarako.
Espero dut urtea horrela jarraitzea!

Ibilbide oso emankorra izan duzu orain arte, baina zure herritik kanpo egin duzu gehiena, zein da alde politena eta garratzena, zentzu horretan?

Lehen esan dudanez, Alemanian interes handia dute musika klasikoan eta batez ere, operan. Kontzertutara joatea zaletasun normala da eta horregatik, opera antzerki asko daude (50.000 biztanle baino gehiago dauzkaten hiriek opera antzerkia dute ere) eta horren ondorioz, txartelak merkeagoak dira (zinemarako txartelek operarakoek ia adina kostatzen dute).

Oso normala da, musikari profesionala ez izan arren, instrumentu bat jotzea. Ohitura hauekin oso arrunta da musikari, abeslari, konpositore eta zuzendari onak edukitzea. Alemanian zaletasun hau dute eta horrek ez du esan nahi hobea denik; guk beste dauzkagu, besterik ez. Baina, jakina, niretzat hobea da han bizitzea eta oso harro sentitzen naiz eskenatokia jende honekin partekatzen. Hala ere, Euskal Herrian oso pozik egon gaitezke gai honetan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa oso orkestra onak dira eta ABAO-OLBE (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea) oso lan ona egiten ari da.

Nire kasuan ezin dut esan nire herriko erakundeak nitaz ahaztu direla, aldiz, oso harreman onak dauzkat guztiekin. Espero dut laster berriro haiekin lan egitea. Airportuan bizi naizela esan arren onartu behar dut oso etxetiarra naizela. Asko gustatzen zait familia eta adiskideak bisitatzea eta nahiz eta agian inoiz ez berriro Euskal Herrian bizi, haiek beti nirekin bidaiatuko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide