"Arabako Kros Txapelketa antolatuko dugu Amurrion"

Aitor Aspuru Saez 2012ko abe. 27a, 10:31

PABLO MAS (Amurrio, 1985) kirolzale sutsua da eta Oinkariak atletismo taldean lan aipagarria egiten du. Pasa den igandean herri lasterketa antolatu zuen elkarteak eta berehala beste hitzordu bat egingo dute.

Igandean egin zenuten lehen aldiz Amurrioko Herri Lasterketa baina arrakasta handia lortu zenuten, ezta?

PABLO MAS (Amurrio, 1985) kirolzale sutsua da eta Oinkariak atletismo taldean lan aipagarria egiten du. Pasa den igandean herri lasterketa antolatu zuen elkarteak eta laster beste hitzordu bat egingo dute.

Igandean egin zenuten lehen aldiz Amurrioko Herri Lasterketa baina arrakasta handia lortu zenuten, ezta?

Bai, ezuste handia izan da. Lasterketa honen lehenengo edizioa izan da eta hala eta guztiz ere jende pilo hurbildu da Amurriora. 200 pertsona espero genituen eta 400 parte hartu zuten. Lasterketa ugari antolatzen dira Euskal Herri mailan eta zaila da horrelako batean jende asko elkartzea. 

Egun paregabea izan genuen eta agian lagundu zuen egun horretan, egutegi aldetik, lasterketa gutxi antolatzen direla. Eskualdeko jende asko animatu zen parte hartzen; Amurriokoa, Laudiokoa, Aiarakoa... baina Bilbo inguruko jendea ere hurreratu zen; Barakaldotik, Santurtzitik, Portugaletetik lasterkari ugari etorri ziren. Getxotik, Gasteiztik edo Villasanatik ere jendea hurbildu zen. Horrelako lasterketetan parte hartzen duten pertsonek ez dute arazorik herri batetik bestera mugitzeko, baina hala eta guztiz ere jende asko egon zen.

Lasterketa honek Tubos Reunidos enpresaren babesa du eta Amurrioko Oinkariak atletismo taldeak antolatu du udalaren babesarekin. Lasterketa herrikoia prestatu dugu normalean korrika egiten duten kirolarientzat eta noizbait lasterketak egin dituztenentzat.

 

Zeintzuk dira lasterketa honen ezaugarriak?

Lasterketa motza zen, 7 kilometro -normalean 10 kilometro baino gehiago dute- eta herrikoia. Ibilbide motza egin genuen jende gehiago hurbiltzeko. Luzeegiak izan daitezke hasi berriak direnentzako. 

Gainera berehala San Silbestre lasterketa izango da eta horrelako froga bat baliogarria izan daiteke San Silbestre prestatzeko. 

Amurriotik hiru bira eman behar ziren ibilbidea osatzeko. Amurrioko kale nagusietatik igaro zen eta jendearen artean harrera ona izan zuen. Lasterketa polita izan zen.

Gizonezko mailan Gotzon Solaegik irabazi zuen eta emakumezkoan Eider Aresek. 

 

Izan duzuen arrakasta aintzat hartuta, lasterketa gehiago antolatu dituzue?

Bai, epe motzean gainera. Hurrengo hilabetean, urtarrilaren 20an Amurrion antolatuko dugu Arabako Kros Txapelketa, federatuentzat. Guretzat erronka handia da, lehen aldiz Arabako Krosaren prestaketa guk egin beharko dugu eta.

Ibilbide berria egingo dugu. Orain arte Reforra erabili da eta guk prestatu duguna parkean izango da. Hurbilagoa da ibilbidea Amurrioko biztanleentzat eta Reforra apur bat urrun dago. Ikusle gehiago egotea nahi dugu. Gainera San Anton eguna da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide