MONTSERRAT MENDIVIL (Aginaga, 1964) Artzain egunean omenduko dute. Bizi osoa eman du ardiekin lan egiten eta gaur egun ere, nahiz eta errentagarria ez izan, horretan dihardu. Bere iritziak eta bizipenak elkarrizketan azaldu ditu.
Noiz hasi zinen artzain lanak egiten?
Ez dut gogoratzen. 4 edo 6 urte nituenean gurasoek bidali ninduten eta ardiak zaindu eta jentzi behar genituen; Aginagan bizi nintzen orduan. 50 urte edo eman ditut ardiekin lanean.Nire artaldea duela 22 urte sortu nuen.
Guk batik-bat esne-saltzaileari saltzen diogu esnea, hori bai, orain ez digu ezer ordaintzen. Gazta ere egiten dut, gehien gustoko dudana da; baina lagunentzat, auzokideentzat, oparitzeko... da batez ere. Eta guretzat, noski. Gazta freskoa, gazta txikiak eta gazta prentsatuta.
Hainbeste urte artzaintza munduan eman eta gero, aldaketa ugariren lekuko izan zara, ezta?
Noski, lehen ardiak zaintzen pasatzen genuen egun osoa. Txakurrarekin joan, han bazkaldu... Ez zegoen lekurik ardiak sartzeko, elurra egiten bazuen berdin-berdin egon behar ginen artaldearekin. Gaua heltzen zenean pinudi batean utzi behar genituen ardiak eta hurrengo egunean, egunsentiarekin, bere bila joan. Lau ahizpa ginen eta txandaka egiten genuen lana, aitarekin batera.
Gauzak aldatu egin dira: finka batera eraman ditzakezu ardiak eta beste gauza bat egitera joan. Gaur egun ez dugu lehen sufritzen genuen hotza ezagutzen. Orain bota onak ditugu, lehen txarrak genituen eta arropa ez zen hobea. Askotan egin dugu negar oin eta eskuetan pairatzen genuen hotzagatik. Egun osoa geldirik...
Gainera garia ereiten zen ere. Gaur egun ez da lan hori egiten eta finkak itxita daude.
Baina garai horiek oroitzapen goxoren bat utziko zizuten, ezta?
Garai horiek? Ez, oroitzapen guztiak txarrak dira, oso gogorra zen bizitza hura. Oso txarto pasatzen genuen. Ardiak zaintzea ez bazenituen zaintzen garia moztea zegokigun. Edo Gorobelera igo eta ardiei ilea moztea. Guztia guk egiten genuen. Otsoa agertzen zenean Gorobelera igo behar ginen ardien bila... oso gogorra.
Une goxoenak? Auzokide guztiak batzen ginenean... Abereak gertu genituen eta jolasten igarotzen genuen egun osoa, baina bestela, bizitza gogorra da. Gainera lehen gurasoen menpe geunden; zapalduak. Jolastea edo egunpasa egitea erabakitzen bagenuen, denetarik entzuten genuen behiak ez zaintzeagatik.
Artzain lanbideak ba al du familiarekin zerikusirik?
Bai. Nire senarra Salbantonekoa da eta han ardiak ditu ere. Berak Tubacexen lan egiten du eta duela 20 urte enpresa ixteko arriskua ikusi genuenean artalde bat erostea erabaki genuen. Lehen errentagarriak ziren, gaur egun ez. Pentsua izugarri garestitu da.
Hori bai, nire semeak ez du nahi ardiekin lan egin. Ezagutzen ditu baina ez du ezer jakin nahi. Hain etekin gutxi ematen dute, ez duela pena merezi. Guk betidanik izan dugu harreman hau eta gustoko dugu.
Hainbeste lan eta gero, zer eragin dizu omenaldia jasotzeak?
Poz handia hartu dut. Artzain guztiak geratu gara, lagunak garelako. Kobatan bazkalduko dugu larunbatean eta bide batez igandean elkarrekin egongo gara.
Zer esango zenioke artzain izan nahi duenari?
Ez nioke ezer esango. Esne-saltzaileak ez dizu ordaintzen... ez du pena merezi. Gazteriak ez du ezer jakin nahi ogibide honi buruz; pena handia ematen digu. Gure seme-alabek ez dute artzaintzarekin jarraitu nahi. Gainera, udan egin duen eguraldiarekin auskalo ardiak nola jaitsiko diren. Gorobelera igo genuen artaldea lodi zegoen. Gorobelen dauden beste ardi batzuk goseak eta egarriak hil dituela jakin dut. Egoera orokorrean nahiko negargarria da.