"Kantuak tematikoki sailkatu genituen eta Gorobel mendilerroaren aspektu ezberdinekin lotu genituen"

Aitor Aspuru Saez 2012ko ira. 18a, 00:41

XABI VALLEk (Amurrio, 1978) ibilbide luzea egin du musikari bezala. Mendiko Lagunak elkarteak 50. urte betetzen dituela eta, taldearen urteurrena ospatzeko proiektu berri batean parte hartu du Vallek; "Mendi Kantan" diskoa.


Zein da azken hilabeteotan Mendikoko 50. urteurrena dela eta gauzatu duzuen lana?

 

XABI VALLEk (Amurrio, XXXX) ibilbide luzea du musikari moduan. Aste honetan Mendiko Lagunak elkartearen 50. urteurrena denez, haiekin bat egin du eta "Mendi Kantan" proiektu musikala prestatu du haiekin.

Zein da azken hilabeteotan Mendikoko 50. urteurrena dela eta gauzatu duzuen lana?

 

Mendiko Lagunak taldeko zuzendaritzak euskal kantutegi bat eskatu zigun, kantuen hitzak eta grabaketaren bat uztartuz. Guk ideia hori garatzeko eta taldearen historiarekin nolabait lotzeko saio bat egin genuen, kantuez gain Gorobel mendilerroari buruzko materialak prestatuz, eta grabaketei buruzko bideoak grabatuz.

Kantuak tematikoki sailkatu genituen eta mendilerroaren aspektu ezberdinekin lotu genituen: Artzaintza, Ura, Kobazuloak, Bideak eta Gailurrak. Atal bakoitzean, kantuen hitzak ez ezik, grabaketa bat eta gai horri buruzko informazioa sartu dugu. Tartean interesdun tokien koordenatuak ere badaude, kasu batzuetan topatzeko errazak ez diren puntuak kokatuz: kobazuloak, lezeak, iturriak, putzuak, trikuharriak, lepoak eta abar. Azken hilabeteotan lan dexente hartu dugu emaitza ahalik eta hoberena lortzeko, laguntzaile askoren eskutik, eta horrela sortu da Mendi Kantan proiektua. 

 

Nortzuk parte hartu duzue? Kolaborazioak izan dituzue?

 

Hasierako taldetxoa Ruben Isasi, Eneko Aldai, Axier Etxebarria eta laurok osatzen dugu. Kantuen aukeraketa eta lehen moldaketak, eta lanaren nondik norakoak elkarrekin finkatu ostean, bakoitzak bereari ekin zion: Rubenek musika moldaketen eta grabaketen ardura hartu zuen, Enekok diseinu guztien eta Mendiko Lagunaken historia biltzen duen "Timeline" delakoarena, Axierrek bideoen grabaketa eta muntaiarena eta nik neuk testuak idatzi eta irudi eta koordenatuak lortzearena. Lehenengo gidak eta pista batzuk grabatu genituen  (Rubenek trikiak, flautak, perkusio batzuk eta programazioak; Enekok tarota eta zarrabetea; nik alboka eta tarota), baina horretaz gain kolaborazio ugari izan ditugu:

Musika arloan, eskualdeko eta inguruko talde eta musikarien laguntza izan dugu: Artziniegako Builaka Batukada taldea, Amurrioko AKO txistulariak, Urkabustaizko Musika Eskolako Abesbatza, Amaia eta Andere Larrinaga (ahotsak), Iraide Ortiz (klarinetea), Urritz Vidal (musukitarra, perkusioak) edo Victor Gomez (kontrabaxua eta baxu elektrikoa). Horretaz aparte, aspaldiko beste hainbat lagun gonbidatu ditugu: David Nanclares (gitarra, mandolina), Pottoki (ahotsa) edo Argibel Euba (perkusioak). Mendiko Lagunak taldeko bazkide batzuekin ere koru bat inprobisatu eta grabaketa bat egin genuen.

Testuak eta irudiak osatzeko izandako laguntzaileak ere nahikotxo izan dira, tartean Amurrioko Aztarna Etnografia Elkartea, Amurrioko Espeleologia Taldea, Felix Mugurutza, Mikel Kormenzana (EHNE), Amaia Albizua ingurumen ikertzailea edo Izaskun Garcia lehendakari ohia.

 

Nola bururatu zitzaizuen horrelakoren bat egitea?

Abiapuntua, lehen esan dudan bezala, Mendikokoen proposamena izan zen. Hortik aurrera, pentsatu genuen euskal kantutegi asko egin direla azken urteotan, eta honek nolabait ezberdina izan behar zuela, eskualdeari eta taldearen historiari lotua.

Kantuen aukeraketan ere estilo aniztasuna lortzen saiatu ginen, eta ezagun-ezagunenak ez izatea (salbuespen batekin). Musikari laguntzaile gehiago egotea ere pentsatu genuen, baina azkenean denbora arazoengatik ideiaren bat burutu gabe geratu da.

 

Irailaren 22 Amurrio antzokian Kantutegia aurkeztuko duzue zuzenean?

 

Kantetako batzuk bideoekin proiektatuko dira, grabaketei buruzko irudi politak daudela baliatuz. Beste kantaren bat zuzenean egingo dugu ere, eta tartean laguntzaileetako batzuk egongo dira.

Gainera, egun horretarako Mendi Kantan kantutegiaren aurkezpena aurreikusita dago, antzokira hurbiltzen direnek produktuaren berri izango dute, eta ale bat etxera eramateko aukera ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide