"Elexazarren indusketa hasierakoetan dago oraindik"

Aitor Aspuru Saez 2012ko ira. 13a, 08:49

JUANJO HIDALGOk (Laudio, 1961) denbora asko eman du Elexazarren aztarnategian lan egiten. Gasteizko Bibat Museoak aitortu ditu egindako ahaleginak erakusketa baten bitartez. Irakasle eta historialari honek aztarnategiaren ibilbidearen gorabeherak azaldu ditu.

 

Urteak eman dituzue lanean Elexazarren. Nola izan da orain arteko prozesua?

JUANJO HIDALGOk (Laudio, 1961) denbora asko eman du Elexazarren aztarnategian lan egiten. Gasteizko Bibat Museoak aitortu ditu egindako ahaleginak erakusketa baten bitartez. Irakasle eta historialari honek aztarnategiaren ibilbidearen gorabeherak azaldu ditu.

 

Urteak eman dituzue lanean Elexazarren. Nola izan da orain arteko prozesua?

Aztarnategia 2009an aurkitu zen eta orain arte indusketa lanak egiten aritu gara. Baina ez jarrain. Esate baterako aurten ez dugu ezer egin, baina pasa den urtean asko egin genuen. Gauza guztiak ikertu behar dira, laborategi lanak, etxeko lanak ere egin beharrekoak dira, memoria osoa... Eta memoria modu zientifikoan egin behar da, kostata gainera. Nik ezin diot nire denbora guztia lan honi eskaini, irakaslea naiz eta nire denbora tartekatu behar dut.

Beraz, memoria on bat egiteko ia urte oso bat behar dut. Hau egin eta gero, material guztien prozedura egin behar da, hau da, siglatu behar dugu aurkitutakoa. Gero guzti hori Gasteizko Museora eraman behar dugu eta azkenik, aurten, erakusketa prestatu dugu Bibat Museoan. Oso txikia da, bi kartel jarri dira eta berreskuratu diren piezarik onenak erakutsiko ditugu. Haien artean burdinezko gauza batzuk, keramika, topatu dugun txanpon bakarra, erromatar garaikoa, eta taurobolioa. Taurobolioa aldare moduan erabiltzen zuten eta horma batean agertzen zen zezen baten aurpegia irudikatuz. Hori da orain arte egin duguna.

Lanik sakonenak 2009ko eta 2011ko indusketak izan dira. 2010. urtean ere, ez genuen indusketa lanik egin eta aztarnategia egokitzen eman genuen urtea. Hesi bat jarri genion aztarnategiari, basoaren erdian egonagatik, babesteko asmoz, abere ugari baitaude. Mozketak egin genituen, zuhaitz batzuk kendu genituen eta batik-bat zuhaixkak; elorri asko zeuden. Horrela lekua zabaldu eta egin beharreko lana erraztu genuen. Bestalde, materiala pilatu genuen. Gehienbat, harriak, ondo ez badira pilatzen gero lana oztopatzen dute eta.

 

Elexazarreko ondare historikoaren artetik zer azpimarratuko zenuke zuk?

 

Garrantzitsuena da Erroma garaiko aztarnategi bat dela. Beste batzuk ere ezagutzen ditugu, Aloria, adibidez. Arrastarian kokatuta dago, Nerbioi ibaiaren ertz batean, azpiko partean. Elexazar, aldiz, 500 metrotik gorako altueran dago kokatuta. Mendi hutsa da.

Datazio zuzen bakarra egin dugu karbono 14 frogaren bitartez eta emaitzak adierazi zigun Kristo osteko II. Mendearen hasieran kokatu behar dugula Elexazar. Hau da, Erromatar Erresumaren une garrantzitsuenetako batean.

Txanpona, aldiz, III. Mendean kokatu behar dugu. Horrela kronologia II. Mendearen hasieratik III. Mendearen bukaera arte kokatu dugu. 100 urte baino gehiagoko urkilak daude bertan. Honek esan nahi du ez zela bat-bateko leku bat izan, gauza zehatz bat egiteko, luzatu egin zela alegia. Eta horrek etengabeko lana eta jendea han bizitzea eskatzen zuen.

Amurrion ere agertu dira beste aztarna txiki batzuk. Santa María elizan konponketak egin zirenean adibidez....

Keramika aztarnak agertu ziren. Keramika arruntena, bitxia eta polita, baina arruntena Erromatarren garaian. Zati txiki batzuk agertu dira ere Saratxon, Artziniegan, Laudion Aunia deituriko hilarria... gure inguruan aztarna solteak daude. Batzuk nahiko inportanteak, Artziniegan eta Alorian adibidez. Artziniegan Andra Mari elizan indusketa egin zen eta tenplu zaharra agertu zen, erromanikoa, eta horren azpian aurkitu ziren Erromatar garaiko beste horma batzuk.

Eta zer egiten zuten Elexazarren? Zeozer egin beharko zuten, ziurrenik naturari lotuta, abeltzaintzari lotuta eta meategiei ere. Momentuz burdina eta beruna topatu ditugu, Baranbioko San Anton meategia hurbil dago eta erromatarrek ezagutzen zuten. Jendea han-hemenka bidaltzen zuten mineralaren bila. Ez dakigu mineral horiek urtzen eta forjatzen ote zituzten. Ingude bat ere topatu dugu.

Horretaz gainera, bertan bizi ziren. Topatutako arrastoen arabera, Elexazarren bertan lo egiten zuten. Eta gainera, sinismen edo erlijioarekin harremana duen taurobolio bat agertu zaigu. Santutegi bat zuten, txikia eta itxia, erritualak egiteko, ohoreak edo eskerrak emateko. Lanarenaz gainea, badago beste lotura bat. Oso garrantzitsua da hori ere.

 

Taurobolio hori paganoa da, ezta?

 

Bai, guztiz paganoa. Txanpona oso hurbil agertu zaigu, eta honek modu zeharkakoan datazioa ematen dio. III. mendekoa bada, taurobolioa ere III. Mendekoa izan daiteke, baina ez dago ziurtatzerik. Taurobolioa bi zatitan agertu zaigu. Lehenengoa oso handia da, etzanda, ez bere lekuan. Eta bestea eraikin nagusitik kanpo. Batetik bestera hamar metro daude, nahiko hurbil baina ez jatorrizko lekuan.

Halako taurobolioak existitzen dira, batez ere Nafarroan. Aragoin ere agertu dira batzuk. Batzuk XVIII. eta XIX. mendean aurkitu ziren. Normalean jendeak topatzen dituenean etxera eramaten ditu horma baten gainean jartzeko adibidez, deigarriak baitira. Kontua da ez direla haien testuinguruan agertzen. Hori da txarrena. Guztiak zonalde nahiko erromanizatuetan agertu dira, Nafarroa kasu. Datazio ona eman duen taurobolio bakarra Arellano herri erromatarrean aurkitutakoa izan da. Bi taurobolio dira, oso politak, tauro edo zezen baten aurpegia dute. Lurrean beste harlauz batzuk eta keramika zati batzuk agertu ziren ere eta datatu dituzte III. mendearen amaieratik IV. mendera bitartean. Datazio horri heldu zaio guztiak datatzeko. Garai horretan Erromatar Erresuma kristaua zen dagoeneko, eta beraz panteismoa baztertu zuten. Baina IV. mendean krisi bortitza bizi izan zen eta jende askok hirietatik alde egin zuen lan bila. Sendi boteretsuenek ere ihes egin zuten, eta landa-eramuetan etxe dotoreak eraiki zituzten. Gaur egun mahasti aldean, adibidez.

Era berean, esaten da, beste enperadore batek, Julianok, sustatu zuela berriro ere paganismoa. Tarte horretan sendi boteretsuek oiloen, mahastien, ardoaren edo eta abereen ekoizpena handitzeko helburuarekin etxeak landa eremutan egiten zituzten, bai eta aisialdirako termak ireki ere. Haien artean agertu dira taurobolioak. Esaten da paganismora bueltatzeko ahaleginak egiten zituztela, baina egia esan oso gutxi dakigu, ikertu beharra dago oraindik ere.

Alde batetik taurobolioak daude eta bestetik inskripzioak, zezena agertu ordez, hitzak agertzen dira. Hauek nahiko argiak dira. IV. mendean bizi izandako Calahorrako Prudentziok adibidez, errituala jaso zuen. Egin zuen deskribapenaren arabera,  zulo batera jaisten ziren, gainean zulatuta zeuden egurrezko ohol batzuk jartzen zituzten eta horien gainean zezen bat sakrifikatzen zuten, animaliaren odola apaizaren gainean eror zedin. Taurobolioak berez  zezenaren sakrifizioa esan nahi du, eta kriobolioak aldiz bildotsarena. Biak egiten ziren garai hartan.

Hori bai, horren eta Elexazarren arteko lotura falta da. Ziurrenik denboraren poderioz arkeologiak emango digu erantzuna. Gure aztarnategiaren indusketa hasierakoetan dago oraindik. Ia guztia egin gabe dago eta ez dakigu zer aurkituko dugun.

 

Gasteizen Bibat Museoan erakusketa antolatu duzue, zer ikusi daiteke?

 

Berreskuratu ditugun elementu txiki batzuk: burdinezko iltzeak eta beste gauza batzuk. Aurkitzen ditugun moduan ezin dira erakutsi. Guztiz herdoilduta daude, eta garbitu behar dira. Txanpona, keramika zati bat, zezen aldarea eta ingudea. Azken hau izan da topatu dugun lehenengo gauza, normalean ez da inguderik agertzen. Bitxikeri hutsa da. Adituek esaten dute normalean erromatarrek  harri handi bat erabiltzen zutela ingude bezala, baina hau burdinezkoa da. Oso polita, gainera.

 

Lanean jarraituko duzue, ezta?

 

Hurrengo urtean froga batzuk egingo ditugu Elexarren mineralak urtzen ote zituzten zehatz-mehatz jakiteko. Burdinaren fusio edo forja lanak egiten zituzten jakin nahi dugu. Horretarako lurra jaso behar dugu, lur hori imanetatik pasa behar da eta nahiko konplexuak diren beste froga batzuk egin behar dira. Froga horiek egiteko dirua behar da. Guk doan egiten dugu lan, baina laborategietako progak garestiak dira.

Aditu ugari behar dituzu. Aztarnategi baten zuzendariak, azkenean, koordinazio lanak egiten ditu. Ia ezer ere ez daki, eta aditu guztiak behar ditu, bakoitza bere arloan.

Hipotesiak baliogarriak dira, baina hipotesiak tesi bihurtu behar dira eta horretarako frogak ezinbestekoak dira. Zaila da galdera guztiei erantzuna ematea.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide