"Aiara Dantza Taldeko 9 dantzari eta 2 txistulari joan ginen Esloveniara"

Aitor Aspuru Saez 2012ko uzt. 30a, 05:25

IRAIA ASPURU (Amurrio, 1989) Aiara Dantza Taldean dabil.

IRAIA ASPURU (Amurrio, 1989) Aiara Dantza Taldean dabil. Uztaila hasieran Eslovenian antolatutako dantza topaketa batean parte hartu zuen Aiaraldeko talde honek eta oihartzun bitxia lortu zuen herri horretako hedabideetanAlbisteen eta argazki bildumen bitartez jaso dute Eslovenian Aiara Dantza Taldearen erakustaldia.

 

Aiara Dantza Taldea Esloveniako aldizkari batean agertu da, nola gertatu da hori?

Esloveniako lagun bat egin nuen pasa den urtean Irlandan nengoela. Dantzaria nintzela esan nionean, berak, Kud Zrag deitutako elkarte kultural bateko kide zela aipatu, eta talde osoa Esloveniara dantzatzera joateko gonbitea luzatu zidan.

Azkenean, data heldu eta Esloveniara joan ginen uztaila haiseran, Aiara Dantza Taldeko 9 dantzari eta 2 txistulari. Bertan, Gorna Radgona herriko dantza taldearekin batera Bad Radkesburg (Austria) eta Gorna Radgona (Eslobenia) herrietan egin genuen dantzaldia. Eta dantzari internazionalak izanik, bertako hedabideak gerturatu ziren haien aldizkarietan honen berri emateko.


Zenbat pertsonek osatzen duzue taldea eta zenbat uste duzu pasa direla taldetik urte hauetan?


Gaur egun 70-80 pertsona inguru gabiltza dantza taldean, baina asko ematen badu ere gehienak umeak dira, eta batez ere neskak, beraz harrobi handia badugu ere, mutil eta helduen faltan gabiltza. 

Eta zenbat jende pasa den taldetik? Pf! Ez dakit, baina pila bat! Aurreko egunean dantza taldean ditugun argazki albumak ikusten egon ginen, eta imajinatuko ez genukeen jendea ere Aiara Dantza Taldearen parte izan dela ikusi genuen. Gainera, orain dantzetan dabiltzan ume askoren gurasoak ere dantzari izandakoak dira, beraz ez dakit kalkulatzen, baina Aiaraldean dantzari eta dantzari ohi asko dagoela esango nuke!


Zein dira urtero antolatzen dituzuen ekimen garrantzitsuenak?

 Urtero egiten dugun eta garratzitsuenetakoa den ekintzetako bat Amurrioko jaietan Andra Mari egunean egiten dugun dantzaldia da nire ustez, bertan, urte osoan ikasitako guztia erakusten baitiogu herriari.

Jaietan ere, urte pilo daramatzagu Aurresku eta Fandango eta Arin-Arin Txapelketa antolatzen abuztuaren 16an, eta urte asko dira profesionalak gerturatzen direla txapelketan parte hartzera.

Aiaraldeko herrietan ere dantzatu ohi dugu urtero, herri txikietako jaietan. Bestalde, beste herri batzuetatik ere deitu ohi gaituzte urtero, dantzari txiki egunetan adibidez parte hartzeko. Aurten, esaterako, Diman egon gara, beste 4 talderekin batera. Gainera, dantzari gazteenentzako asteburupasa antolatzen dugu urtero, Euskal Herriko herri ezberdinetara. Aurten Zugarramurdin egon gara, Sorginaren Eguna zela aprobetsatuz.


Norbait animatu beharko bazenu taldean parte hartzen, zer esango zenioke?

Jende asko etortzen zait askotan kanpoan nagoela “Iraia, dantza basikoak erakutsi behar dizkidazu plazan dantza egiteko” esanaz. Jende horri lotsa kendu eta dantza taldera animatzeko esango nioke. Gainera, maila eta era ezerdineko taldeak ditugu: Astearte eta larunbatetan, esaterako, helduen bi talde daude, erromeriarako dantzak ikasi eta ondo pasatzera, gorputza mugitzera, deskonektatzera... doazenak, emanaldietan ateratzen ez direnak.Beraz, dantzatzeko gogoak izanik, lotsak kendu eta animatu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide