Ertzaintza bortizki oldartu zen pasaden asteazkeneko 24 orduko lanuztean
Tubos Reunidos enpresako langileek hitzaldia eskainiko dute gaur Amurrioko Hauspoa lokalean (Dionisio Aldama 5. Galerian). Egiten ari diren grebaren arrazoiak azalduko dituzte bertan. Zita arratsaldeko zazpietan izango da.
Pasaden asteazkenean 24 orduko lanuztea egin zuten Tubos Reunidoseko langileek, bidezko hitzarmen kolektibo bat aldarrikatzeko. Lan erreforma aitzakia moduan erabilita langileen diru sarrerak eta giza zerbitzuak murriztu nahi ditu enpresak, lantegiko ordezkari sindikalen arabera.
Ertzaintzak lanuztea bortizki erreprimitu zuela salatu dute langileek. Guztira hiru pertsona atxilotu eta beste bost identifikatu zituen poliziak. Hortaz gain, atxilotuetako bati ahoan bost puntu josi behar izan zizkioten. Hala ere, bihar eta ostiralean beste bi lanuzte egingo dituztela azpimarratu dute langileek.
Kontu horiek guztiak izango dituzte mintzagai gaur Hauspoan.