"Fiskalek opari ederra egin zidaten, lehen eskuko informazioa erraztu zidatelako"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urt. 15a, 10:09

ASEL LUZARRAGA (1971, Bilbo) euskal idazlea ospetsua da ez bakarrik idatzi dituen liburuei esker. Txilen bizitzen zen bitartean atxilotu zuen poliziak eta bizipen horiek erabili ditu bere azken eleberria idatzeko; "Gezurra odoletan". Hauspoa elkartearen lokalean aurkeztuko du liburu hau.

Txilen bizi zenuen egoera ohiartzun handia izan zuen Euskal Herrian, gogoratuko diguzu zer gertatu zitzaizun eta nola bizi zenuen?

ASEL LUZARRAGA (1971, Bilbo) euskal idazlea ospetsua da ez bakarrik idatzi dituen liburuei esker. Txilen bizitzen zen bitartean atxilotu zuen poliziak eta bizipen horiek erabili ditu bere azken eleberria idatzeko; "Gezurra odoletan". Hauspoa elkartearen lokalean aurkeztuko du liburu hau.



Txilen bizi zenuen egoera ohiartzun handia izan zuen Euskal Herrian,
gogoratuko diguzu zer gertatu zitzaizun eta nola bizi zenuen?


Istorio luzea da baina laburbiltzen ahaleginduko naiz. 2009ko abenduaren
31n, Txileko Fiskaltzak urte amaierako festa berezia antolatu nahi izan
zidan. Horretarako, hogei bat "paco" (Carabineroak, hango polizia
militarizatua) sartu ziren etxean epailearen ahozko gonbidapen adeitsua
tarteko, bakarrik nengoenean, hura miatu eta, nik ezer ikusi gabe,
etxean armak eta lehergailuak neuzkala esan eta atxilo eroan ninduten.
Okerren bat edo zelakoan banengoen ere, biharamuneko auzialdian jakin
nuen Temukon azken urteetan izandako lau bonba leporatu nahi
zizkidatela. Hasieratik polizien galderetan igartzen zenez, kontua herri
maputxearen borrokari eta mugimendu anarkistari lotuta zegoen. Txilen,
mugimendu anarkista aberatsaren baitan, adar intsurrekzionalista edo
matxinadazaleak indar txikiko 100 lehergailutik gora jarri ditu azken
urteetan, gehienak Santiago hiriburuan. Oraintxe 2010ean muntaia
erraldoi baten biktima izandako pertsona batzuk ari dira epaitzen "bonba
kasua" deritzon bilbe mediatikoaren baitan, ez hankarik ez bururik ez
duen prozesu goitik behera ustel baten barruan. Dirudienez, poliziak ni
susmagarritzat jotzeko eta miaketa agindua eskatzeko egin zuen txosten
barregarrian, nik zerikusia neukan afera horrekin, eta froga nagusiak,
ni gizartearentzako arrisku bihurtzen nindutenak, kartzelen aurkako
graffiti batean parte hartu izanaz gain, nire blogean herri maputxearen
eskubideen aldeko artikulu bat eta euskal anarkismoari buruzko beste bat
ziren. Hiru froga beldurgarri horiengatik ondorioztatu zuten ni "mundu
mailako lider anarkista" nintzela, hainbat talde anarkistaren
sortzailea, eta "Txileko gazteengan ideia arrotzak sartzen" ari
nintzela. Hori zen, beraz, benetako akusazioa. Baina iritzi
publikoarentzat, are atzerakoienentzat ere, akusazio hori inor
espetxeratzeko nahikoa ez denez, etxean sartu zirenean beste opari bat
egin zidaten: nire logelako armairu gainean supermerkatuko poltsatxo bat
jarri zuten, eta haren barruan su-itzalgailu hustu bat, 7 gr. bolbora,
metxa pare bat, zenbait torloju ugerdo, pizgailua eta zinta itsaskorra
jarri eta argazkiak atera zizkioten, gero berriz bildu eta niri erakutsi
ere egin gabe ateratzeko. Horrekin nahikoa zuten kasua muntatzeko.
Laster, batez ere bigarren auzialdian, ni atxilotu eta 6 egunera,
leherketak gertatu zirenean ni Txiletik kanpo nengoela frogatu zelako,
pasaporteko zigiluei esker (zeozertarako balio du koadernotxo
horrek!), atentatuen kontua ahaztuta geratu zen eta akusazio bakarra
arma eta lehergailuen legea urratzea izan zen. 42 egun eman nituen
espetxean, eta beste urte erdi etxeko atxiloaldian, epaiketaren zain.
Azkenean, poliziek eurek ateratako eta ukatu nahi izan zizkiguten
argazkien bidez haiek etxean sartu aurretik holako poltsarik egon ez
zela nahiko argi utzi genuen arren, beste txapuza batzuekin batera,
epaileek errudun jo ninduten, Estatuak ematen dien eginkizuna betez
(Estatu interesen alde egite, legeek zer dioten ere), baina helburua
beteta zegoenez gero eta Txiletik kanpo, batez ere Euskal Herrian,
nahiko zalaparta handia sortu zenez gero, zigor irrigarria jarri
zidaten, 220 egunekoa (hasieran 10 urtetik gorakoa eskatzen zuten, eta
azkenean 5 urtekoa, beraz, azkenean jarritako zigorrak argi uzten du zer
izan zen antzerki hura). Atxilo 250 egun beteta nituenez gero, aske
geratu nintzen, baina urtarrilaren 7an Barne Ministroak ni Txiletik
kanporatzeko agindua betetzeko zain. Haiek kanporatu aurretik,
abokatuaren lege trikimailuen bitartez, neure kabuz irtetea lortu nuen.

Hori dena umore tantez zipriztinduta. Nahiko kafkiarra dena. Zorionez,
garrantzitsuena izan nuen beti ondoan: jende askoren, inoiz imajinatuko
ez nukeen elkartasuna. Batez ere Txilen egoteko nire arrazoiak, Vane
neskalagunak, ematen zidan horren berri. Biongatik bizi behar izan zuen
berak denbora hura guztia. Une oso hunkigarriak eta izugarri
aberasgarriak izan ziren, bai kartzela barrukoak, bai etxean emandakoak.
Elkartasunaren balioa inoiz baino argiago ikusi eta bizi nuen. Oraindik
sentitzen naiz zorretan jende askorekin.

Zein da zure egoera legala orain Txilen?

Kondenatua izan nintzen, baina zigorra beteta daukat. Orain arazo
bakarra da erruduntasun judizial horrek Txilen berriz sartzea galarazten
didala, ez dakit zenbat urtez. Ez da txikikeria, batez ere nire
neskalaguna bertakoa izanda. Baina ez dugu amore eman eta abokatuak,
Jaime Madariagak, demanda jarri zuen iaz Ameriketako Giza Eskubideen
Batzordean Txileko Estatuaren aurka. Batzordea estatuen gaineko
erakundea da eta han zerbait lor daiteke. Prozesu luzeak izaten dira,
baina uste dugu merezi duela, nigatik baino gehiago, han antzeko egoeran
jarraitzen duten ehunka preso anonimoengatik. Ez dut gogoko preso
politikoen eta bestelakoen arteko bereizketarik, niretzat preso guztiak
dira politikoak, sistema politiko, ekonomiko eta sozial baten bahituak,
baina kasua nazioartean irabazteak kolpe handia ekar diezaioke
Estatuaren aparatuen zigorgabetasunari eta gauzak errazago jar
liezazkieke preso mota batzuei. Momentuz, izapidera onartuta dago. Lehen
urrats hori oso garrantzitsua zen. Orain itxaron beharko.

"Gezurra odoletan" eleberri bat da, baina Txilen bizi zenuen
esperientzian dago oinarrituta. Zein da zure asmoa liburu honekin?


Espetxeratu aurretik ere hango egoerari buruzko eleberri bat idatzi nahi
nuen, herri maputxeak eta mugimendu anarkistak bizi duten jazarpen eta
errepresio egoera islatu. Beraz, fiskalek opari ederra egin zidaten,
lehen eskuko informazioa eta dokumentazioa erraztu zizkidatelako.
Jakina, niri gertatutakoak istorioaren ildoa baldintzatu du, baina
funtsean, lehendik nuen asmoa betetzen ahalegindu naiz: Araukanian
maputxe herriak bere lurrak berreskuratzeko daroan borroka, Temuko
hiriko giro anarkista, punka eta okupa, eta horien guztien aurkako
errepresioa, Estatuaren aparatuen ustelkeria..., jaso eta ezagutarazi,
edozein Estatu "demokratiko" edo partitokratikotan, edozein diktadura
motatan, pentsaera eta adierazpen askatasunak, disidentziak,
kapitalismoari benetan aurre egiten ausartzen direnek jasaten duten
zapalkuntza sistematikoaren eredu. Txileko Estatuan niri gertatutakoa
duela gutxi komunikabideetan oihartzunik izan ez duten hiru pertsonari
gertatu zaielako Frantziako Estatuan, edo beste batzuei Alemanian,
Italian, Grezian, AEBn, Euskal Herrian... Estatu oro da obedientzia
maila bat ziurtatzeko makina gupidagabe bat, muga batzuen barruan
indarkeriaren monopolioa nahi duen egitura. Bide batez, maputxe herri
miresgarriaren berri ere eman nahi izan diet euskal irakurleei, haien
Estaturik gabeko egitura horizontaletatik eta kapitalismoaren aurkako
erresistentzia sutsutik zer ikasi asko daukagulako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide