"Euskal jendarteari espetxeak preso guztietan dituen osasun ondorioei buruzko gure azterketa helarazten saiatzen ari gara"

Aitor Aspuru Saez 2011ko abe. 20a, 17:43

MATI ITURRALDE. Jose Angel Biguri, Aiaraldeko preso gaixoaren askatasunaren aldeko ekimenaren baitan Mati Iturralde gure eskualdean egon zen hitzaldi bat ematen. Emakume honek hainbat esparru jorratu ditu; sindikalismoa, politika edota inkomunikazioaren menpe geratzen diren pertsona atxilotuek pairatzen dituzten arriskuak salatu ditu. Gure eskualdeari egin zion bisita aprobetxatu genuen gaixo larri dauden euskal preso politikoen inguruan galdetzeko. Aldi berean, Matik Jaiki Hadi Fundazioan parte hartzen du, eta elkarte honen ibilbidea eta lana ezagutarazi zigun.

 

Joxe Angel Biguri, Aiaraldeko preso gaixoaren askatasunaren aldeko ekimenaren baitan Mati Iturralde gure eskualdean egon zen hitzaldi bat ematen. Emakume honek hainbat esparru jorratu ditu; sindikalismoa, politika edota inkomunikazioaren menpe geratzen diren pertsona atxilotuek pairatzen dituzten arriskuak salatu ditu. Gure eskualdeari egin zion bisita aprobetxatu genuen gaixo larri dauden euskal preso politikoen inguruan galdetzeko. Aldi berean, Matik Jaiki Hadi Fundazioan parte hartzen du, eta elkarte honen ibilbidea eta lana ezagutarazi zigun.

 

Joxe Angel Biguri, Aiaraldeko presoaren egoera muturrekoa da, baina, hala ere, ez da kasu bakarra. Zenbat euskal preso politiko daude gaixo larri gartzeletan momentu honetan?

Momentu honetan zazpi preso daude gaixotasun larri eta sendaezinen batekin, nahiz eta hamaika aldiz eskatu duten aske gelditzea. Baina, tamalez, egunetik egunera zifra hori handitu daitekeela ikusten dugu, bi arrazoi nabarmengatik: batetik, preso politikoen bataz besteko adina gora doa; eta bestetik, espetxe-zigorren luzapena, askorentzako kartzelan 20 urte baino gehiago ematea suposatu baitu.

 

Zeintzuk dira gaixotasun arruntenak kasu hauetan?

Ohizko gaixotasun fisikoak kartzelak inposatzen dituen bizi baldintzak eragindakoak dira. Horregatik, arazo traumatologikoak, metabolikoak eta infekzioak askotan ematen dira, ikusmen eta entzumen-zolitasun galerak ahaztu gabe. Gaixotasun psikikoei dagokienez, kasu ugarienak antsietate eta depresio arazoekin zerikusia dutenak dira, eta azken hamarkadetan brote-sikotiko eta adaptazio-trastornoak ugaritu egin dira.

 

Egoera honen erantzunkizuna norena da?

Kartzelan dauden pertsonen osasunaren inguruko erantzukizuna hori tutelatzeko boterea eta betebeharra duen instituzioarena da. Kontuan hartuz gero, preso dagoen pertsona batek ez duela bere ingurua, bere bizitza erregimena, ezta beharrezkoa duen osasun-laguntza ere aukeratzeko gaitasunik, nabarmena da espetxea dela bere osasun-egoera zehazten duena.

 

Nolakoa da estatuen erantzuna kasu hauen aurrean? Zer egin dezakete herritarrek?

Espainiar eta frantses estatuen erantzuna gai honetan euskal preso politikoei ezarritako salbuespen espetxe politikari lotuta egon da betidanik, eta hala jarraitzen du; modu honetan, euskal preso politikoei indarrean dagoen legeria aplikatzea galarazten da. Horrela, 92. artikulua aplikatuz murrizketa-arauak ad hoc garatu dira, eta neurri bereziak ere ezarri dira, espetxe zigor arindua kasu. Bide honetan, nahiz eta gaixotasun sendaezinak pairatu, kolektiboko partaide guztiei zigorrak osorik betearazteko estatuek erakutsi duten borondatea aldatzeko modu bakar bat dago: mendeku politikei eustea ezinezko egingo dien erantzun soziala.

 

Bestalde, tortura ekiditzeko mediku talde batean zaude, nola egiten duzue lan eta zer nolako oztopoak aurkitzen dituzue bai kasu hauetan bai tortura kasuetan?

Jaiki Hadi Fundazioa atxiloketa unean edota espetxean estatuen partetik indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren pertsonei osasun asistentzia ematen saiatzen da. Horrela, azken urteotan Auzitegi Nazionalak atxilotutako zenbait pertsonari asistentzia eman diogu forense ikerketetan konfiantzazko mediku bezala. Gure esperientzia kontraesankorra izan da; batetik, ezin izan ditugu tratu txarrak ekidin gure presentziarekin, eta bestetik, inkomunikazioak suposatzen duen eskubide urraketen salbuespen lekukoak izatea baimendu digu, eta hori dela eta, salaketa-txostenak aurkeztu ditugu bai justizia administrazioan, zein nazioarteko instantzietan.

Bestalde, konfiantzazko mediku bezala gure lana presoen senideen bitartez egiten dugu; izan ere, gehienetan ez baitugu baimenik lortzen gure pazienteak bisitatzeko , haien eskubidea bada ere.

 

Nola erantzuten dute tortura arriskuan dauden pertsonak konfidantzazko medikuak aurkitzerakoan?

Sarritan, ikara egoera hain da handia zein atxilotuek ez duten gure papera onartzen, edota poliziaren konplizetzat hartzen gaituzte. Zenbait bisita egin eta gero lortzen dugu, soilik, haien mesfidantza gainditzea.

 

Zirrikitu gutxi daude gai hauek lantzeko, non saiatzen zarete zuen indarrak jartzen?

Azken urteotan, euskal jendarteari espetxeak preso guztietan dituen osasun ondorioei buruzko gure azterketa helarazten saiatzen ari gara, eta bereziki, preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespen neurrien ondorioak. Oso garbi dugu osasun eskubideen urraketa egoera hau aldatzeko modu bakarra, gizartearen gehiengo batek gobernuei espetxe-politikan aldaketa sakonak exijitzea dela, eta gure onena emateko prest gaude aldaketa hauek lehen bait lehen eman daitezen.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide