2011 bukatu baino lehen Pirritx eta Porrotx pailazoak Amurrion egongo dira "Zazpikoloroa" antzezlana aurkezten. Bihar, abenduak 16, ostirala, 18:00etan hasiko dute ikuskizuna Bañueta Kiroldegian. Sarrerak bi euro balioko du, baina 3 urtez beherakoak doan izango dute. Gaur arte eskuratu daitezke sarrerak Amurrioko Kultur Etxean, eta bihar 17:30tatik aurrera Basarteko takilan egongo dira eskuragai.
Biharko hitzordua Amurrion Olentzeroaren egitarauaren baitan dago eta udalaren eta Ohitura Elkartearen artean antolatu dute. Elkarteak dagoeneko hamar aldiz deitu ditu Pirritx eta Porrotx arrakasta handiz. Hasiera batean, pailazoak frontoian egiten zituzten ikuskizunak, baina eguraldi txarra sahiesteko Bañueta Kiroldegira eraman zituzten emanaldiak. Bienvenido Pascual, Ohitura Elkarteko kideak azpimarratu digu Pirritx eta Porrotxek harrera oso ona izan dutela beti Amurrion, eta garrantzitsua dela ahalik eta herritar gehien agertzea biharko hitzordura.