"Aurten jaso ditugun film laburrak apur bat frikiak dira"

Txabi Alvarado Bañares 2010ko aza. 21a, 18:43

Amurrioko La Kuadra bertan ia astebururo egiten diren kontzertuengatik da ezaguna. Baina beste mota batzuetako ekintzak ere antolatzen dituzte bertan. Azken horien artean Txabakanian Productions Film Festivala aipatu beharko litzateke, pasa den urtean La Kuadrako kide batzuek abian jarri zuten film laburren lehiaketa. Datorren astean lehiaketaren bigarren edizioaren emanaldiak egingo dira eta, aitzakia hori hartuta, antolatzaileekin hitz egin dugu jaialdi hau aurrera eramatearen inguruko zailtasun, gogoeta eta nondik norakoen berri izateko.

Amurrioko La Kuadra bertan ia astebururo egiten diren kontzertuengatik da ezaguna. Baina beste mota batzuetako ekintzak ere antolatzen dituzte bertan. Azken horien artean Txabakanian Productions Film Festivala aipatu beharko litzateke, pasa den urtean La Kuadrako kide batzuek abian jarri zuten film laburren lehiaketa. Datorren astean lehiaketaren bigarren edizioaren emanaldiak egingo dira eta, aitzakia hori hartuta, antolatzaileekin hitz egin dugu jaialdi hau aurrera eramatearen inguruko zailtasun, gogoeta eta nondik norakoen berri izateko.

 Zerk bultzatu zintuzten film laburren lehiaketa hau antolatzera? Zein zen zuen hasiera bateko helburua?                                                            

Beno, gure asmoa zerbait ezberdina antolatzea izan zen. Hau da, La Kuadran beti kontzertuak antolatu ohi dira. Ia astero edo bi astean behin kontzertu bat egon ohi da. Gure asmoa zerbait ezberdina sortu ahal izatea izan zen, jendeak aktiboki parte hartu ahal izateko zerbait. Ez genuen jendeak sarrera erosi, edari batzuk kontsumitu eta etxera mozkortuta edo ez mozkortuta joateko zerbait antolatu nahi; jendeak parte hartzeko zerbait egitea baizik. Eta film laburren lehiaketaren ideia ona iruditu zitzaigun.

Nola eraman zenuten aurrera lehiaketa honen lehenengo edizioa?                                                                                                        

Lehenengo edizioa jendeari txapa ematean oinarritu zen gehienbat, txapa etengabe ematean. Izan ere, film labur bat egiteak lan bat suposatzen du. Jendeak bere etxean eseri, ideia bat izan, kalera atera eta grabatu egin behar du. Eta horrek beste gauza batzuk baino lan-zama handiagoa suposatzen duenez, lagunei txapa ematera dedikatu ginen. Eta hainbeste txapa sartu genien, ezen azkenean film laburrak isil gintezen egin zituztelakoan gaudela. Eta horrela antolatu genuen lehenengo edizioa, zerbait aurkeztera animatu ziren lagunek egindako lanen bidez.

Oraingoa antolatzen duzuen bigarren edizioa dugu. Nolakoa izan da parte hartzea edizio honetan lehenengoarekin alderatuta?                           

Edizio hau ez da hain pertsonala izan, ez gara lagunen atzetik ibili zerbait aurkeztu dezaten. Oraingoan jendeak zer aurkezten zuen ikustera mugatu gara, gu atzean egon gabe. Eta hasiera batean askoz lan gutxiago aurkeztuko zirela zirudien. Orain dela hiru aste lehiaketa beste modu batera egitearen aukera planteatu behar izan genuen lauzpabost bideo baino ez zirelako aurkeztu. Baina, beti bezala, jendeak azken unera arte itxaroten du lana entregatzeko eta azken aste honetan lan ugari jaso ditugu. Eta ezberdintasunik nabarmenena zera da: askoz lan gehiago daudela Amurrio edo Aiaraldeatik kanpokoak hemengoak baino. Madrilgo pertsona batzuek film labur bat bidali digute, Gipuzkoatik ere zenbait lan jaso egin ditugu. Baina hemengo jendeak, aurreko edizioan parte hartu eta ideia gustukoa izan zuenak, ez du edizio honetan parte hartu. Agian lan-zama bat suposatzen duelako eta txapa eman ez diegulako.

Zelako lanak jaso dituzue?                                                                                                                                                                                   

Aurten jaso ditugun film laburrak apur bat frikiak dira. Iaz hemengo jendeak egindako lantxoak ziren film labur gehienak. Baina aurten lehiaketan parte hartzera animatu den Aiaraldeatik kanpoko jende gehiago dago. Eta jende hori aurretik film laburrak egindakoa da, bere denbora librean film laburrak egitea gustatzen zaiolako, horregatik bideoen friki moduko batzuk direla esan daiteke. Eta hori ondo dago, aurten mota guztietako film laburrak daudelako: animaziozkoak, salaketa sozialekoak, beldurrezkoak, umorezkoak… oso lehiaketa anitza izango da.

 Eta lehiaketaren antolatze, eta irabazle moduko batzuen aukeraketan berrikuntzarik egin al duzue aurreko edizioarekiko?                     

Ez, ez dago alde horretatik aldaketarik. Hau jaialdi moduko bat da eta irabazleak egotea nahi dugu, baina ez irabazle bakarra egotea. Asmoa ahalik eta saridun gehien egotea da. Hau da, 15 lan aurkezten badira 10 irabazle inguru egotea. Ez dugu parte-hartzaileen arteko lehiakortasuna bultzatzen duen jaialdirik antolatu nahi. Helburua jendeak filmak aurkeztu, guztion artean ikusi, gozatu eta trukean oroigarri bat-edo jasotzea izango litzateke.

Eta, jaialdi honen etorkizunari begira, ze asmo dituzue epe luze/motz/ertain bati begira?                                                                        

Jaialdiaren ideia asko gustatzen zaigu baina oso jende gutxiren artean antolatzen dugunez lan-zama handia suposatzen du. Dena den, urteetan zehar mantentzeko moduko zerbait izatea nahiko genuke, jendeak jakin dezan Amurrioko La Kuadran urtero film laburren lehiaketa bat antolatzen dela. Horretaz gain, jaialdia zabaldu nahiko genuke, bideo-sormenarekin erlazionatutako ekintzak antolatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide