"Kooperazioak izugarri aldatzen du zure munduko ikuspegia"

Erredakzioa 2016ko abe. 20a, 19:28

IÑAKI BERGANZA (Amurrio, 1985), ALBERTO GRACIA (Amurrio, 1987), IZASKUN SOLAUN (Amurrio, 1983) boluntarioek ostegunean eskainiko dute solasaldia Kultura Etxean 19:00etatik aurrera kooperazioari buruz. Izaskun Bolibian aritu da, Alberto Grezian errefuxiatuen kanpamentuetan eta Iñaki Hegoameriketako hainbat herrialdetan.

IÑAKI BERGANZA (Amurrio, 1985), ALBERTO GRACIA (Amurrio, 1987), IZASKUN SOLAUN (Amurrio, 1983) boluntarioek ostegunean eskainiko dute solasaldia Kultura Etxean 19:00etatik aurrera kooperazioari buruz. Izaskun Bolibian aritu da, Alberto Grezian errefuxtiatuen kanpamentuetan eta Iñaki Hegoameriketako hainbat herrialdetan.

Zeintzuk izan dira zure esperientziak kooperazioan?

Izaskun: 25 urte nituela ebakuntza-gelan lan egiten ari nintzen, erizaina bainaiz. Lankideak -zirujauak eta anestesistak- hasi ziren Donostiako Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin elkarlanean.

Ekimen abenturazale iruditu zitzaidan eta bidaiatzea gogoko dudanez eta nire ogibidea soziala denez, neurri batean, animatu nintzen laguntzen eta 8 urte eman ditut dagoeneko.

 

"Gurea GKE kirurgikoa da eta Bolibian osasun zerbitzu publikorik ez dagoenez, han egiten dugu lan Caritasekin eta apaizekin".

 

Irungo apaiz bat bertan hasi zen eta gero gotzain izendatu zuten. Laguntza eskatu zuen eta hara joaten gara urtero.

Normalean kanpainak egiten ditugu zirujau batek, anestesista batek eta bi erizainok. Urte osoan biltzen dugu materiala; normalean erabili eta botatzen dena gordetzen, esterilizatzen eta garbitzen dugu.

Ahal dena berriro erabiltzen dugu eta ezin dena erosten dugu. Botikak ere eskuratu eta eramaten ditugu.

"Irailetik martxora arte hemen gaude lanean eta bi biltegitan jasotzen dugu dena. Martxotik abendura bitartean bidaia egiten dugu. Gero uholde garaia heltzen da eta ezin gara joan".

 

Urte osoko lana da eta errazena da heltzen den materialarekin lan egitea. Zailagoa da dena biltzea, kontsulatuari baimenak eskatzea...

Alberto: Ni medikua naiz eta maiatzean bukatu nuen familia eta komunitate medikuntza espezialitatea. Martxoan Grezian gertatutakoa behin eta berriro ikusita, bururatu zitzaidan nire ogibidea dela eta, lan garrantzitsua egin nezakeela.

Banituen egun batzuk oporrak hartzeko eta ezagutzen nuen beste neska batekin joan nintzen.

 

"Lehenik eta behin, 8 egunez joan nintzen Idomeniko errefuxiatu kanpamentura, une horretan mugak itxi zituzten eta hasi zen jendea pilatzen".

 

Hasieran anabasa sortu zen ez zegoelako janaririk, ez arroparik. Eguraldia oso txarra zen eta medikuak behar zituzten.

Bertan zeuden mediku eta erizainekin kanpaina-ospitalea egin genuen eta arreta medikua ematen hasi ginen jende orori.

8 egun horien ostean, beharrezkoa nuen itzultzea laguntzera hasitako proiektuarekin. Espainia osoko mediku eta erizainekin harremanetan jarri gara bertara joateko.

Hiru aldiz joan nintzen martxoa eta maiatzaren bitartean eta Idomeni hustu zutenean, Greziako agintariek errefuxiatuak kanpamentu militarrean sartu zituzten.

Ondorioz, Tesalonikara joan nintzen gero, mikropolis autogestionatu batera eta kanpamentuetan kasu ahulenak bilatzen nituen.

Iñaki: Nazioarteko kooperazioan hasi nintzen aspaldi. Donostian ikasten nuelarik Nepaleko umezurztegi batean joatea erabaki nuen. Hilabete osoa eman nuen, baina oso esperientzia txarra izan zen. Ez nekien non nengoen ezta zer egin.

Ondoren, Indiara joan nintzen eta asmoa zen beste umezurztegi batean laguntzea, baina izandako esperientziaren ostean, erabaki  nuen soilik bidaiatzea, oso modu polita baita bertako kultura eta pertsonak ezagutzeko.

Nire ustez, bertako jendearekin lan egitea beste ikuspegia izateko aukera da. Hala ere, Amurrion ere 7 edo 8 urtez Skaut taldean egon nintzen.

 

"Gero, Eusko Jaurlaritzako bekaren bitartez Hondurasera jo nuen. 3 hilabeteko beka zen, baina gehiago geratu nintzen, 8 hilabetez guztira".

 

Bertako emakumeekin lan egiten genuen beste genero ikuspegia txertatzeko.

Gizona izanik, hartako emakumezko eta gizonezkoekin aritzen ginen ikus zezaten badaudela genero ikusteko modu anitzak.

Gero Nikaraguako umezurztegi batean egon nintzen lanean, baita Kolonbian eta Perun ere.

Beti egin dut lan emakumeekin eta umeekin. Azkenean urtebete egon nintzen Hegoameriketan.

Zer lan mota egin duzue?

Alberto: Aintzat hartu behar da errefuxiatu kanpamentuetan erdia baino gehiago umeak direla, beraz, pediatria egiten nuen. Dena den, Grezian behar zen, bereziki, lehen mailako arreta; arazo arruntak.

Eguraldia oso txarra da (euria, haizea...) eta elikadura oso eskasa: arnas-infekzioak, sabelekoak, azalean...

 

"Jende pilaketa dela medio sarna kasuak ikusi genituen sarritan".

 

Traumatismoak ere sarritan hartatu nituen. Herrialde ugariko pertsonak elkartzen dira eta batzuetan borrokak daude euren artean edo poliziarekin.

Egunez eta gauez lan egiten genuen, hasieran ospitalean bertan lo egiten genuen eta.

Izaskun: Gu hemen gaudenean bertako mediku batek egiten du hautaketa. Kanpaina antolatzen dugu horrela: gaixoak eta abar. Baina behin bertan egonda, nahiz eta erizaina izan, denetarik egiten dugu: esku-ohea eraman, larrialdiak, ospitaletan profesionalak trebatu...

Bertan profesional gutxi dago eta askotan hemendik beka lortzen dute espezialitatea egiteko. Bekaren truke eskatzen zaie herri txikitan geratzea. Uholde garaietan errepideak mozten dira, adibidez, hortaz, zirujaua eta anestesista beharrezkoak dira apendizitisak eta horrelakoak sendatzeko. Edo emakumea erditzen laguntzeko.

 

Denetarik egiten dugu. Normalean astelehenetik larunbatera arte egiten dugu lan, baina etortzen denari aurre egiten diogu".

 

Iñaki: Gure kasuan, askotan geunden "suhiltzaile" moduan. Komunitatetan ibiltzen ginen ahalduntze ikastaroak emateko. Gero sortu genituen gizonezkoentzako maskulinitate berrien inguruko ikastaroak eta tailerrak. Horrekin oso pozik nago, oraindik ibilbidea egiten ari da eta.

Leku txikietara jotzen genuen eurek ikusteko genero aukera ezberdinak daudela. Dena den, oso zaila da gauzak aldatzea hain leku matxistetan. 6 edo 7 eguneko ikastaroak ematen genituen eta gero itzultzen ginen ikusteko gauzak aldatzen ziren edo ez.

 

"Aldatzen genituen gauzak sukaldetan eta esparru askotan, baina gauza pilo aldatu nahi duzunean, oso gutxi lortzen duzu. Joan behar zara pixkanaka-pixkanaka".

 

Gehienbat, emakumeekin egiten genuen lan, eta denbora librea izan zezaten, umeekin ere tailerrak antolatzen genituen.

Oro har, komunitateetara jotzen genuen eta bertako egoera ikusita tailerrak prestatzen genituen. Tailer batzuk ia protokoloak ziren eta beste batzuk egoeraren arabera antolatzen genituen.

Bestalde, umezurztegietan umeei maitasuna ematea da egin dezakezun gauzarik garrantzitsuena.

Nola bururatu zitzaizuen horrelako proiektuetan parte hartzea?

Izaskun: Nire kasuan abentura moduan ikusi nuen. Gaztea nintzen, bidaiatzeko modua ere bazen; Amazonian egon, nire ogibidearen bitartez lagundu... Horrela hasi nintzen eta horrek menpekotasuna sortzen du.

Alberto: Niri beti atentzioa eman dit kanpora joateko aukera nire lana lagungarria izan zitekeelako. Birritan saiakera egin dut eta ezin. Batean antolakuntza txarra zen eta bestean estatu kolpea egon zen joan baino bi egun lehenago.

Bestalde, errefuxiatuen egoera bistakoa da -erakutsi nahi dutenean-, eta Idomenira joateko aukera nuen. Erraztu zidan GKE batekin harremanetan jartzeko beharrik ez egoteak, nire kabuz joan bainintzen.

 

"Oso beharrezkoa ikusi nuen une horretan joatea. Horrek bultzatu ninduen".

 

Iñaki: Nik beti oso gogoko izan dut bidaiatzea. Sumatzen nuen batxilergoa bukatu ondoren, karrera egiten duzula, eta gero, agian, beste bat. Dena oso jarraian, baina heltzen da urte bat ezen ez baitakizu zer egin.

Orduan pentsatu nuen hemen ez nuela ezer egiten eta lan merkatuaren egoera dela eta, bekaren berri izan nuen eta hemen gauza askorik ez nuenez, erabaki nuen joatea. Berdin zitzaidan 2 hilabete, 5 edo 6.

Joan nintzen bankura eta nuen diru guztia hartu nuen, bukatu arte.

Badaude aukerak lan egiteko kooperazioan, beste batzuek onurak dituzte zure ahaleginari esker, baina zuk ere asko ikasten duzu. Oso onuragarria da guztiontzako.

Gure bizitza oso markatuta doa, baina une batean apurtzen da eta erabaki behar duzu hemen jarraitzea edo kanpora joatea. Nik alde egin nuen.

Aldaketak sumatu dituzue itzuli ostean?

Izaskun: Niretzat, ematen duzuna soberan itzultzen dizute. Oso gutxi ematen duzu eta asko itzultzen dizute. Zuk dakizunarekin onurak sortzen dituzu eta hori ezin da ordaindu. Beste erizainekin hango errealitatea eta kulturak ezagutu ditut eta horrek betetzen zaitu, pertsona gisa handitzen zaitu eta polita da.

Itzultzen zarenean kriston aldaketa nabaritzen duzu.

Alberto: Guztiz ados nago Izaskunekin. Zure munduko ikuspegia izugarri aldatzen da eta horregatik bakarrik jende oro animatzen dut horrelako esperientzia izaten.

 

"Sekulako jendea ezagutzen duzu, zure interesak dituzten lagunak. Inoiz apurtuko ez diren harremanak izan ditut eta horiek ez dira inoiz apurtuko, oso urrun bizi arren".

 

Hemen dituzun gauza txikiak baloratzen ikasten duzu, beste leku askotan gertatzen dena ikusita.

Alberto: Hemen dauzkagun gauza guztiak baloratzen dituzu primeran. Itzultzen zarenean zenbait gauza entzuten duzu eta pentsatzen duzu; "nola esan dezakezu hori?"

Uste dut jende orok egin behar duela, esperientzia ugari duzulako, asko ikasten duzulako, motxila betetzen duzulako eta itzultzean dena ona dela uste duzulako. Hori da nik gehien baloratzen dudana.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide