Amurrioko Udalak jakinarazi du herriko bederatzi bizilagun diruz lagundu dituela, hauek herrian euren ETEa (Enpresa Txiki edo Ertaina) jarri dezaten. Bost gizon eta lau emakumek jaso dute laguntza, 2.000 eurokoa kide bakoitzeko.
Hainbat alorretako enpresa proiektuak jarri dituzte martxan diru hori baliatuta: ostalaritzarekin, prestakuntza fisikoarekin, arkitektura teknikoarekin edota ibilgailuen garbiketa ekologikoarekin erlazionatutakoak, besteak beste.
Josune Irabienek adierazi du helburua izan dela negozioa bat abian jarri duten herritarrak laguntzea, “oso zaila izan ohi den lehen fasean”. Era berean, Amurrio Bideanek betetzen duen funtzioa nabarmendu du alkateak, “laguntza pertsonalizatua” eskaintzen baitie enpresa proiektua sortu berri duten ekintzaileei.