25.261,76 euro baliatuko ditu Amurrioko Udalak San Joseko kultur etxeko hiru gela intsonorizatzeko, herriko musika taldeentzako entsegu lokalak atontzeari begira. Eusko Jaurlaritzaren 9.633 euroko diru-laguntza bat baliatuko dute horretarako.
Lehen gelak 7,9 metro karratu ditu, 11,8 bigarrenak eta 10,2 hirugarrenak. Eraikineko hego-ekialdeko izkinan daude kokatuak hirurak, bigarren solairuan.
“Goia etxearen ordezko”
Udaletik adierazi dute entsegu lokal horiek egitea erabaki dutela herrian “rock talde kopuru esanguratsua” dagoelako. Talde horietako asko “Goia etxea” bezala ezagutzen den eraikinean daude, udalaren arabera. “Eraikin hori erortzeko zorian dago eta laster eraitsiko da”.
Argudio hori erabilita desalojatu zuen Ertzaintzak La Kuadra duela bost urte baino gehiago (2011an). Goia Etxearen zati bat zen La Kuadra, gune autogestionatu gisa antolatua zegoena. Entsegu lokalek, aldiz, funtzionatzen jarraitu zuten, gaur egun arte.