Asteburuan helduko dio berriro ere Mendiko Lagunak taldeak "Ardoa eta arrainaren ibilbidea" osatzeari. Etapaka ari dira gauzatzen zeharkaldia.
Hurrengo txangoa urtarrilaren 15ean egingo dute, Uribarri-Ganboatik Otxandiorakoa, hain zuzen. Guztira, 19 kilometroko bidea izango dute mendizaleek zain. Ondoren, baina, Korrostonto jatetxeko bazkarian berreskuratuko dituzte indarrak. Ibilaldiaren prezioa 32 eurokoa da bazkideentzako; gainontzekoek 2€ gehiago ordaindu beharko dituzte.
Irteera-ordu bi zabaldu dituzte: 7:40eanLaudioko Eroskiko biribilgunean eta 8:00etan Amurrioko Telefonica eraikuntzan. Izena-emateko epea ostegunean bukatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero www.mendikolagunak.eus webgunea kontsulta liteke.
Aste Santuko bidaia, Almeriara
Bestalde, Aste Santuko zeharkaldia zein izango den jakinarazi du mendi klubak. Aurten, Almeriako Alpujarra bidea osatuko dute. Egunak ere zehaztu dituzte: apirilaren 8tik 17ra izango da txangoa.